Itxi

Usansolo

Espainiako Gobernuak ez du "eskopeta kargatuta ezta aurreiritzirik ere" Usansoloren desanexioaren aurrean

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

Exekutiboak EAEn duen ordezkariak azaldu duenez, Estatuko Abokatuak "arretaz eta patxadaz" aztertuko du udalerri berria sortzeko erabakiaren kontrako helegitea aurkeztuko duen ala ez.

Denis Itxaso.

Espainiako Gobernuak ez du "eskopeta kargatuta ezta aurreiritzirik ere" Usansoloko udalerriaren sorreraren aurrean, Denis Itxaso EAEko ordezkariak ziurtatu duenez.

Itxasoren arabera, Estatuaren abokatuari dagokio Usansolo Galdakaotik desanexionatzeko Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren aurrean errekurtsoa aurkezteko aukera "arretaz eta patxadaz" aztertzea.

Gaur, Batzar Nagusiek udalerri berriaren sorrera onartu dute, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrako botoarekin. Martxoan, herritarren % 81,5ek babestu zuten desanexioa galdeketa batean.

Behin erabakia argitaratuta, Estatuak bi hilabeteko epea du errekurritzeko. Abokatuak "Tokian Tokiko Erregimenaren Oinarrizko Legea zenbateraino urratzen duen" aztertuko du. Lege horren arabera, udalerri berriak gutxienez 5.000 biztanle izan behar ditu. Usansolok 4.500 inguru ditu.

Itxasoren arabera, gai hori "gaindiezina den ala ez" erabakitzen denean, Gobernuak "horren arabera jokatuko du".