EAE hauteskundeak
EAJren eta PPren arteko 'sekretupeko akordio' baten susmoa du PSOEk
Erredakzioa
"Bilduren ekintza politikoari trabak jartzea pentsaezina" dela adierazi du Jaureguik, eta demokratikoki irabazi behar zaiela gaineratu du.
Euskadi gobernatzeko EAJen eta PPren arteko "sekretupeko akordio" bat dagoela uste du Ramon Jauregui Presidentetza ministro ohiak.
Efe agentziari egindako elkarrizketa batean, Arabako diputatu sozialistak adierazi du legegintzaldia amaitzea gustatuko litzaiokeela, baina Patxi Lopez lehendakariak hauteskundeak aurreratzea erabakiko balu, ez litzakeela "dramarik" izango gaineratu du.
"Jaurlaritza gelditzen zaion denbora kudeatzeko gai ikusten bada, logikoena otsailera arte egotea da", esan du, baina Lopezen taldeak uda ostean aukera onena zein den aztertuko dutela onartu du.
Nazionalistek PPrekin gehiengoa lortzen badute, CIUk Katalunian egin duena errepikatuko dutela uste du Jaureguik.
"EAJk eta PPk sekretupean dute aukera hori, baina, benetan uste dut, bi alderdiak ildo horretan lanean ari direla."
Bestalde, baztertu egin du nazionalismoen baturak joera independentista bat ekarriko duenik, batik bat, "epe motz eta ertainean, ez dutelako bat egingo", buruzagi sozialistaren iritziz.
Ezker abertzalea EAEko hauteskundeetarako prestatzen hasi denez, Jaureguik ez du uste Gobernuak "trabarik" jarriko duenik, "legez kanpo uzteko arrazoirik ez dagoelako".
Jaureguik adierazi du demokratikoki irabazi behar zaiela. "Baldarrak direla erakutsi behar dugu, gobernatzen ez dakitela, XVIII. mendeko ideiak dituztela, kaleetan zakarra jarri nahi dutela, azpiegituren aurka daudela, eta zergen inguruko ideia zaharkituak dituztela. Etorkizunerako konfiantzarik merezi ez duten pertsonak direla erakutsi behar dugu", adierazi du.