Itxi

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Melillako tragediari buruzko ikerketa batzordea beharrezkoa dela eta Marlaska kolokan dagoela dio Estebanek

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramailearen iritziz, Auzitegi Gorenak "bai bakarrik da bai" legearen interpretazioa zabalegia egiten badu ukituak egin beharko zaizkio.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Melillako tragediaren inguruko azalpenak eman zituen atzo Diputatuen Kongresuan. Orain arte emandako bertsioari eutsi zion eta esan zuen Espainiako lurretan ez zela inor hil eta segurtasun indarren erantzuna "proportzionala" izan zela.

Biharamunean, Grande-Marlaska gezurretan ari dela esan gabe, ez dela egia esaten ari onartu du Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Barne ministroa "oso kolokan, oso egoera txarrean" dagoela adierazi du eta horren adibide gisa jarri du atzo Kongresuan gobernuari dagozkion eserlekuetan beste inor eseri ez izana. Halaber, ekainaren 24an Melillan gertaturikoari buruzko ikerketa batzordea eratzea beharrezkoa dela nabarmendu du.

Azken aldian pil-pilean dagoen "Bai bakarrik da bai" legeari buruz galdetuta, zuhurtziaz hitz egin du. Horren esanetan, ikusi egin behar da Auzitegi Gorenak irizpiderik finkatzen duen ala ez. Baldin eta interpretazioa zabalegia bada orduan ukituak egin beharko zaizkiola uste du. Dena dela, argi eta garbi utzi nahi izan du "zuloak" edo zirrikituak Gorenak estali behar dituela.

Audioak (1)