DOPINA
Dopinaren aurkako legearen erreforma onartu du Legebiltzarrak, Dopinaren aurkako Munduko Kodera egokitzeko
AGENTZIAK | EITB Media
Kiroleko Dopinaren aurkako Legea aldatzen den bigarren aldia da, eta, besteak beste, kontrolak indartzen eta zigorrak gogortzen ditu.
Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen erreforma onartu du gaur, araudia Dopinaren aurkako Munduko Kode berrira egokitzeko.
Legearen bigarren erreformak honek hainbat berrikuntza jasotzen ditu. Horren arabera, kirolariek, beren inguruko langileek eta botere publikoek ezingo dute beren jarduerak egiteko dopinagatik zigortutako pertsonekin kontatu, beti ere, zigor penala administratiboa edo dena delakoa betetzen ari diren bitartean.
Gainera, arau hauste oso larritzat hartuko da dopinaren aurkako arauekin lotutako ustezko arau hauste bati buruzko informazioa ezkutatzeko asmoarekin edozein mehatxu edo larderia ekintza egitea.
Kasu horretan eta gertatutakoaren larritasunaren arabera, federazio lizentzia kenduko zaio kirolariari.
Araudiak kirolarien sailkapen bat egin du kirol mailaren arabera, eta kasu bakoitzean erantzukizunak ezberdinak izango dira.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aldaketa guztiz babestu dute, PP+Cs talde parlamentarioak eta Voxek, ostera, partzialki baino ez.