Erreakzioak
EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Felipe VI.aren mezua kritikatu dute; eta PSOEk eta PPk, txalotu
agentziak | eitb media
EAJk "nazioen errealitatea onartzeko" deia egin dio. EH Bilduk salatu du mezuak ez zuela mamirik. PSOEk "oso positibo"tzat jo du mezua. Elkarrekin Podemosek erantzun dio erakundeak higatzeko "estrategia bat" dagoela. PPk "batasunarekiko eta Konstituzioarekiko konpromisoa" azpimarratu du.
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak garaira egokitzeko eta "nazioen errealitatea onartzeko" deia egin dio Felipe VI.ari, Konstituzioa aldatzeari erreferentzia eginez.
Estebanen ustez, Felipe VI.a "ohartu egin beharko litzateke kolektibo oso zabalak daudela Konstituzioarekin bat egiten ez dutenak, eta egon zirenetako batzuk gaur egun zalantzan jartzen dutela".
Diputatu jeltzalearen arabera, erregeak "erakundeak higatzeaz hitz egin zuen. Puntu horretan errua orokorrean banatzen du inori zuzendu gabe, eta ez dakigu zehazki ze higaduraz ari den, Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakiez edo Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraz".
Bestalde, Estebanek monarkari gogorarazi dio bera dela "erakunde baten arduradun zuzena, estatuburuarena, eta oraindik bere aitarekin lotutako eskandaluak" azaleratzen ari direla.
Jon Iñarritu EH Bilduren diputatuak esan du Felipe VI.aren Gabonetako mezuak ez zuela "mamirik", eta lurraldetasunaren gaia aipatu ere ez zuela egin.
"Erregeak adibide gisa jarri duen trantsizioaren izpirituarekin eta hitz hutsekin, bere buruari zilegitasuna eman nahi izan dio. Zehaztasunik gabeko lata gogaikarria, bakoitzak nahi duena ulertzeko", kritikatu du Iñarrituk.
EH Bilduren diputatuak, gainera, ohartarazi du hitzaldia "deigarriagoa" izan dela "esan ez duenagatik": "Ez ditu aurtengo gai larrienak aipatu, ez Melillako tragedia, ez Pegasus, ez Konstituzionalak estatuari eman dion kolpea".
"Erakundeak higatzearen inguruan, monarkiak berak jarraitzen du ezbaian", azpimarratu du Iñarrituk, "geroz eta jende gehiagok errege batek zertarako balio duen" galdetzen duela gehitu aurretik.
PSOErentzat "oso positiboa" izan da Felipe VI.aren mezua, herritarren kezken jabe dela erakutsi duelako, eta azpimarratu du bere hitzetan argi ikusi dela "garrantzitsuena erakunde publikoen funtzionamendu egokia eta zuzentasuna" direla.
"Felipe VI.a erregeak esan digu Europa garela eta Europa behar dugula. Eta, hain zuzen ere, datorren urtean proiektu europarrarekiko konpromisoa indartzeko aukera izango dugu", adierazi du Cristina Narbona PSOEren presidenteak Ferrazen egindako agerraldian.
Horren harira, txalotu egin du erregea Espainiaren eta mundu osoaren erronka "handien" jabe izatea. "Gogorarazi digu erronka hauei aurre egiteko, botere publikoen beharra dutenei etengabeko laguntza emateko, garrantzitsuena gure erakunde publikoen funtzionamendu egokia eta zuzentasuna bermatzea dela", azaldu du.
Roberto Uriarte Elkarrekin Podemosen diputatuak ere Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabonetako mezuari erantzun dio, eta esan du erakundeak higatzeko ekintzak ez direla "fenomeno meteorologikoa", baizik eta "estrategia bat".
Uriartek agerraldia egin du gaur Bilbon erregearen hitzaldiaren inguruko iritzia plazaratzeko, eta esan du, Felipe VI.ak erakundeen "higatzeaz" eta "batasunaz" egindako adierazpenen harira, "fenomeno meteorologiko bat balitz bezala" egin dituela, baina "estrategia bati" erantzuten diola gogorarazi dio.
"Erakundeak higatzen ari dira erakundeak higatzeko estrategia bat dagoelako, eta horren aurrean, beharrezkoa da Gobernuko koalizioa eta inbestidurako indar guztiak batuta egotea", gaineratu du.
Carlos Iturgaiz PPren EAEko buruzagiak, bere aldetik, esan du "bikaina" izan zela Felipe VI.a Espainiako erregeak eman zuen Gabonetako mezua, eta "Espainiaren Batasunarekiko eta Konstituzioarekiko konpromisoa" azpimarratu du.
Erregearen gabonetako mezuan erakundeak "higatzearen" eta bizikidetza okertzearen arriskuaz ohartarazi zuen, eta buruzagi popularrak aipamena egin dio Twitterren.
"Bikaina Felipe VI.a erregearen Gabonetako mezua. Konstituzioarekiko eta Espainiaren batasunarekiko duen konpromisoak indartu egiten dute herrialdea eta kohesioa, egonkortasuna eta aurrerabidea ematen dio gure herrialdeari. Hain zuzen ere, kontrako apustua egiten du Sanchezek gure nazioa suntsitzen duten aliatuekin", idatzi du Iturgaizek.
Laura Garrido alderdiaren idazkari nagusiak esan du "demokraziak ordezkatzen dituen baloreen konfiantzatik" igorri zuela mezua Felipe VI.ak.