Itxi

Txostena

Kriminologiaren Euskal Institutuak 1.068 tortura kasu identifikatu ditu Nafarroan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

"Azken hamarkadetan Nafarroan gertatu den giza eskubideen urraketa handia agerian uzten du txostenak", eta Ana Ollo kontseilariak “beharrezkotzat” jo du.

Nafarroako Torturatuen Sareak deitutako manifestazioa. Irudia: EITB

Kriminologiaren Euskal Institutuak lehenago (1960-1978) egindako ikerketan lortutako datuen eta gaur aurkeztutakoaren (1979-2015) batuketaren arabera, 1960-2015 aldian 1068 tortura kasu baino gehiago egon dira Nafarroan.

Egindako txostenak jasotzen duenez, 1979 eta 2015 artean 676 pertsona identifikatu dira Foru Erkidegoan torturak eta bestelako tratu txarrak jasan izana salatzen dutenak.

Kalkuluen arabera, kasu kopurua 825era iritsiko da, eta datu hori gaur egun aztertu eta datu-basean txertatutako espedienteen emaitza gisa proiektatzen da (532 kasu erregistratu dira, 434 pertsonari dagozkienak).

"Tortura, noizbehinkako eta kasualitatezko praktika baino zerbait gehiago"

Laura Pego, Paco Etxeberria eta Jeannette Ruiz Goikoetxea IVACeko ordezkariek txostena aurkeztu diete Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako sailburuari, Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiari eta Txema Gonzalez Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendariari.

"Azken hamarkadetan Nafarroan gertatu den giza eskubideen urraketa handia agerian uzten duen" txostena Ollok baloratu eta "beharrezkotzat" jo du; izan ere, 2017an egindakoa osatu du, eta Aitortza eta Erreparazio Batzordearen barruan egiten ari den eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako ekintzen biktimak aitortzeko prozesu irekian laguntzeko tresna gisa balioko du.

Gaineratu duenez, "nazioarteko erakundeek beren txostenetan adierazi dute kezkatuta zeudela tortura noizbehinkako eta kasualitatezko praktika baino zerbait gehiago zelako, eta txostenak berretsi egiten du erakunde horiek behin eta berriz adierazi zutena".

Olloren ahotan, "agiria aurrerapauso garrantzitsua da Nafarroan giza eskubideen urraketen salaketa argitzeko bidean. Ezinbestekoa da iraganari kritikoki begiratzea, ahanzturarik eta oroimenik gabe, giza eskubideez ari garenean ezin baititugu pertsona batzuen eskubideak ahaztu, guztion eskubideak kontuan hartu baizik".

Nafarroako Torturatuen Sarea

Nafarroako Torturatuen Sareak txostena argitaratzea baloratu eta lehen pausotzat jo du, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio "urratsak ematen jarraitzeko eta proiektuari jarraipena emateko mekanismoak aktibatzeko".

Jorge Chocarro Torturatuen Sareko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, urteak zeramatzaten Nafarroan motibazio politikoagatik torturatutako pertsonen kopurua argitzen lagunduko zuen ikerketa ofizial, profesional eta independente bat eskatzen, eta azterlan horren garapenarekin "tortura aitortzeko bidea egiten hasi dira, baita torturatutako pertsonen erreparazioa ere".

Adierazi duenez, "tortura Estatuak hainbat testuinguru politikotan erabilitako indarkeria politikoaren adierazpideetako bat izan da. Zifrek orain arte ezkutatu, ukatu eta isildutako errealitatea erakusten dute ". "Praktika hori ukatzeak, korporatibismoak eta hainbat hamarkadatan praktika hori gauzatzeko inpunitate osoak tortura sistematikoa izatea eragin du", gaineratu du.

Torturatuen Sarearentzat, errealitate horri bere osotasunean heldu behar zaio, "haren ondorio politikoak, sozialak, kulturalak aztertuz, hori baita zauri hori gizarte gisa sendatzeko eta berriz ez errepikatzeko bermeak ezartzeko modu bakarra".