Itxi

ustelkeria politikoa

Jaurlaritzak De Miguel eta Otxandiano kaleratzea agindu du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Arabako EAJko bi buruzagi ohien kondenen jakinarazpen ofiziala jaso eta gero gauzatuko dituela kaleratzeak azaldu du Ekonomiaren Garapenerako Sailak.

Alfredo de Miguel

Eusko Jaurlaritzak Alfredo de Miguel eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko buruzagi ohiak kaleratzea agindu du, Auzitegi Gorenak ustelkeriagatik ezarritako kondenak berretsi eta gero.

Hain zuzen ere, De Miguel Hazi sozietate publikotik kaleratzeko agindua eman du, eta Otxandiano, aldiz, Arabako Teknologia Parketik.

Ekonomiaren Garapenerako Sailak adierazi duenez, kondenaren jakinarazpen ofiziala jaso eta gero gauzatuko ditu kaleratzeak. Izan ere, "hedabideen bitartez" izan du gaur Gorenaren erabakiaren berri.

Gaur goizean, oposizioak kritikatu egin du De Miguelek enpresa publiko batean erantzukizuna izaten jarraitu izana.

Jaurlaritzaren gaitzespena

Ordu batzuk lehenago, Iñigo Urkullu lehendakariak ustelkeria gaitzetsi du eta "etikarekin eta gardentasunarekin duen konpromisoa" berretsi du. Testuinguru horretan, epai judizialak "onartzeko eta betetzeko" deia egin du.

Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Justiziak hartutako erabakiak guztiz errespetatzen dituela nabarmendu du, eta "erabaki horiek onartu eta bete" egin behar direla azpimarratu du, "prozedura judizialen bidea ere errespetatuz".

Era berean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "gaitzespen irmoa" agertu du epaiak frogatutako jokabide ustelen aurrean, eta ebazpenaren izaera "irmoa" berresten bada, Jaurlaritzak "horren arabera" jokatuko duela adierazi du.

Zupiriak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok, eta Jaurlaritzak ebazpena "errespetatu, onartu eta beteko" duela ziurtatu du.

Auzitegi Gorenaren epaia, irmoa, Arabako Probintzia Auzitegiaren autoa argitaratu eta hiru urtera iritsi da, eta zigortuetako batzuek aurkeztutako errekurtsoei erantzun die.