USTELKERIA
'De Miguel' kasu gehiago daudela salatu du oposizioak baina kasu partikularra dela erantzun du EAJk
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Euskadin izandako ustelkeria kasurik handiena", PPren hitzetan, mintzagai izan dute EAEko alderdiek Radio Euskadiko eztabaida politikoa. Aitor Urrutia EAJren legebiltzarkideak aitortu du "mina" eragin diola De Miguel ustelkeria-kasu hori "EAJn jaio izanak".
"Urteaz boterean egon ostean, EAJk ezarritako bezero-sarea" salatu dute EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Cs alderdiek Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioan izandako eztabaida politikoan, eta EAJrekin lotutako De Miguel bezalako beste ustelkeria kasu gehiago direla gaineratu dute.
Ustelkeria politikoagatik Arabako EAJren hiru buruzagi ohiei ezarritako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Gorenak, De Miguel izenarekin ezaguna den auzian, eta gai hori hizpide izan dituzte Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek.
EH BILDU
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, frogatuta geratu da "EAJren goi-karguekin eta Arabako erakundeekin lotutako ustelkeria-sare bat" egon dela. Buruzagi abertzalearentzat, Euskadin ustelkeria jarrerak daude eta "hortik oso gertu dauden beste batzuk, esaterako, ate birakariak". "Norbait sailburu izateari utzi eta enpresa handi bateko zuzendari izatera pasatzen denean, zentzuzko zalantza dago hor", gaineratu du.
ELKARREKIN PODEMOS
Antzeko hitzekin mintzatu da Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, eta "ate birakariak" ere salatu ditu. "EAJri etiko iruditzen zaio De Miguel auzia salatu zuen pertsonak 12 urtez egotea kontratu publiko barik, auzipetuak sozietate publiko baten ordezkaritza-lanak betetzen egon diren bitartean?", galdetu du.
PP+Cs
Bestalde, Laura Garrido PP+Cseko legebiltzarkideak gogoratu duenez, "Euskadin inoiz izandako ustelkeria kasurik handiena" gertatu zenean, Iñigo Urkullu zen EBBko presidentea, hortaz, Alderdi Jeltzalea ezin da alboratu. "Non dago eroskeria ugari horren dirua? Non dago herritarrei lapurtutako dirua?", kritikatu du.
PSE-EE
Gobernu bazkide den PSE-EEk, Ekain Rico legebiltzarkideren ahotik, azpimarratu du ez dela "kasuari larritasunik kendu behar", eta agerian geratu dela "ustezko euskal oasia ez dela existitzen, eta ustelkeria ere izaten dela".
EAJ
Azkenik, Aitor Urrutia EAJren legebiltzarkideak aitortu du "mina" eragin diola De Miguel ustelkeria-kasu hori "EAJn jaio izanak, oso larria baita". Dena dela, kritikatu duenez, "askok uste zuten EAJren finantzazioa kolokan jartzeko modua zela, espioitza-kasuak eta 500 milioi baino gehiagoko kopurua aipatuta". "Frogatu da ez zegoela finantzazio irregularrik ezta aberaste bidegaberik, EAJren karneta zuten pertsonen ekintza irregularrak baizik", ondorioztatu du.