Erasoa Gipuzkoan
Ibarrako zinegotzi batek jasandako erasoa gaitzetsi du EAJk
EITB Media
Alderdi jeltzaleak ohar batean jakinarazi duenez, erasoa larunbat arratsaldean jazo zen, kalean bertan. Erasotzaileak irainak egin zizkion Juan Luis Cid 66 urteko zinegotziari eta ukabilkada eta ostiko bana eman zizkion.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk bere "gaitzespen irmoa" adierazi du Juan Luis Cid Ibarrako (Gipuzkoa) zinegotziak jasandako erasoa dela eta. Ildo horretan, "onartezintzat" jo du "pentsamolde ezberdinak batera egotea onartzen ez duten eta pentsamendu bakarra inposatu nahian" dabiltzan herritarrak egotea.
Erasoa larunbat arratsaldean (18:15 aldera) gertatu zen, kalean bertan. EAJk ohar batean azaldu duenez, "inolako arrazoirik gabe" erasotzailea 66 urteko zinegotzi jeltzalea iraintzen hasi zen, eta ondoren, ukabilkada bat eman zion aurpegian eta ostikada bat urdailean. "EAJren aurka inproperioak jaurti zituen, erasoa ezer egin gabe ikusi zuten herritarren aurrean", kritikatu du.
Cidek salaketa jarri ostean, Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, baina ez du oraingoz atxiloketarik egin.
Jeltzaleen esanetan, aurretik ere pairatu dituzte erasoak EAJk Ibarran dituen zinegotziek. "Hutsak, irainak eta begirada txarrak jasan dituzte, eta, orain, eraso hori izan da edalontzia bete duen tanta", gaineratu dute.
Alderdiak salatu duenez, "gure herrian, gure gizartean, oraindik ere badira pentsamolde ezberdinak batera egotea onartzen ez dutenak; zenbaitek pentsamendu bakarra inposatu nahian jarraitzen dute; eta hori onartezina da. Jarrera horiek ez dute lekurik Ibarran, eta behingoz amaitu behar dute. Pertsona guztiak errespetatzea eskatzen dugu, haien ideologia, militantzia edo kidetasun politikoa edozein izanda ere".