Itxi

radio euskadi

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azpimarratu dute tankeak Ukrainara bidaltzeak "gerra areagotzen" duela

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdiek, ostera, babestu egin dute neurria, 'Parlamento en las Ondas' saioan.

Isabel Gonzalez, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkidea. Argazkia: EITB Media

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek larunbat honetan adierazi dutenez, Ukrainara tankeak bidaltzeak "areagotu egiten du gorakada belikoa"; Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdiek, aldiz, bidalketa babestu dute. Radio Euskadin, 'Parlamento en las Ondas' tartean, Leopard tankeak Ukrainara bidaltzeko erabakia izan dute hizpide legebiltzarkideek.

Zentzu horretan, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du tankeak bidaltzeak "aurreikusi ezin diren ondorioak izango dituen gerra igoera elikatuko" duela.

"Bide diplomatikoen eta elkarrizketa bideen aldeko apustua berresten dugu, zailagoak izango baitira, baina kontuan izan behar da ez dakigula gorakada beliko bat nola amaitzen den", azpimarratu du.

Era berean, Elkarrekin Podemosetik Isabel Gonzalezek esan du bide diplomatikoa dela "irteera bakarra", eta gogorarazi du bere alderdia hasieratik agertu zela armak bidaltzearen aurka.

Bere ustez, tankeak bidaltzeak "ez du gatazka konpontzen, gerra areagotu egiten du eta Europar Batasuna bete betean inplikatuko du gerrak". "Erabateko gerra eragingo du", ziurtatu du, eta "diplomaziaren mekanismo guztiak" aktibatzearen alde egin du.

Aitor Urrutia EAJko legebiltzarkideak gogorarazi du alderdi jeltzaleak neurria babesten duela eta bat egiten duela Ukrainara "armak eta bestelako laguntza bidaltzeko beharrarekin".

PSEtik, Ekain Rico legebiltzarkideak baloratu du herritarrek babesa eman dietela Ukrainako herritarrei, eta gogorarazi du Espainiak nazioarteko konpromisoak dituela eta aliatuekin batera lan egin behar duela".

Laura Garrido PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak ere gogorarazi du Espainiak nazioarteko konpromisoak dituela, eta Ukrainari laguntza ematea" ezinbestekoa "dela" Putinen bahiketaren aurrean".

Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak tankeak bidaltzearen alde egin du, Ukrainak bere subiranotasuna defendatzeko aukera izan dezan. "Inbadituen, biktimen alde egin dugu beti. Eskura ditugun baliabide guztiekin lagundu behar diogu Ukrainari, Errusiako armada Ukrainako lurretik joan dadin", esan du.