Sortu legeztatu dute
Erabakiarekin ados ez dagoela 'argi' utzi du Fernandez Diazek
Erredakzioa
Ezker abertzaleak ETA gaitzetsi behar duela berretsi du Barne ministroak. Gallardonek, berriz, Sortu ''legez kanpo'' ez jarraitzea deitoratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sortu legeztatzea erabaki duen Auzitegi Konstituzionalaren epaiari ''men'' egingo diola esan du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, baina ''argi'' utzi nahi izan du erabakiarekin ados ez dagoela.
"Sorturekin ala Sortu gabe ezker abertzaleak terrorismoa gaitzetsi behar du, barkamena eta taldea desegitea eskatzeaz gain", nabarmendu du.
Gobernuak Sorturen kontra Poliziari txosten berriak aurkeztuko ote dizkion galdeginda, Barne ministroak azaldu du Konstituzionalaren epaiaren edukia jakitean erantzungo diola horri.
Gallardon ere, kontra
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroa ez da ados agertu Sorturen legalizazioarekin, eta deitoratu egin du Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren irizpideak jarraitu ez izana.
"Nahiago nukeen Konstituzionalak Gorenaren erabakiari eutsi eta Sortuk ilegala izaten jarraitzea", esan du ministroak, epaileen erabakia ezagutu eta gero eskainitako prentsaurrekoan.
Gallardonek ohartarazi du Gobernuak eutsi egingo diola "terrorismoaren aurkako borroka iraunkorra"ri, eta "zaindu" egingo duela Sortuk legea ez urratzea.
"Errespetatu egiten dugu Auzitegi Konstituzionala, eta bete egingo dugu epaia, baina ez gaude ados", berretsi du.
Ministroak nabarmendu du "terrorismoaren aldeko jarrerak" ezin direla zigor gabe geratu, eta konpromisoa agertu du biktimekin.