Itxi

Gasteiz

Martxoak 3 elkarteak ez du nahi Espainiako Gobernuak Biktimen Oroimenezko Zentroan parte hartzea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Martxoak 3k eta Memoria Garak akordioa sinatuko dute Gogora Institutuarekin, biktimek ere fundazioan ordezkaritza izan dezaten. Horretarako, negoziazioetan aritu dira azken hilabetean.

Martxoak 3 elkartearen manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE

Martxoaren 3ko biktimek ordezkaritza izango dute Biktimen Oroimenezko Zentroa martxan jarriko duen fundazioan, Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak aurreratu dutenez.

Gasteizko San Frantzisko elizan ezarriko dute zentroa, behin eraberritze lanak amaituta. Hantxe bertan hil zituen bost langile Poliziak, 1976ko martxoaren 3an.

Aipatu bi elkarteek eta Gogora Institutuak akordioa sinatuko dute, biktimek ere fundazioan ordezkaritza izan dezaten. Horretarako, negoziazioetan aritu dira azken hilabetean.

Hain zuzen ere, ohorezko presidentetza eskatu zuten bi elkarteek, baina azkenean onartu egin dute erakundeen proposamena. Hartara, martxoaren 3ko biktima batek presidenteorde kargua hartuko du fundazioan.

Gauzak horrela, bukatutzat eman dituzte estatutuen negoziazioak, eta Biktimen Oroimenezko Zentroa ahal bezain azkar zabaltzeko eskatu dute.

Alabaina, ikusteke dago Espainiako Gobernuarekin zer gertatzen den, alegia, patronatuan parte hartzen duen ala ez. Izan ere, 600 000 euroko aurrekontua gorde dute Oroimenezko Zentroa irekitzeko. Horren aurrean, Martxoak 3 elkarteak argi utzi du ez lukeela horrelakorik onartuko.

Kontrara, Memoria Demokratikoaren Estatu idazkari Fernando Martinezi eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasori "logikoa eta normala" iruditzen zaie Madrilgo gobernua proiektura batzea.