Lapurdi
Bernard Elhorga izango da Senpereko auzapez berria
Aitor Sagarzazu | EITB Media
Ekin Senpererentzat taldearen zerrendak 1.333 boto bildu ditu, Christophe Jaureguy abertzalearen Hats Berri taldeak 1.233 eta Dominique Idiart (Elgarrekin Senpererentzat) orain arteko auzapezak 882 boto. Ostiralean hartuko du lekukoa Elhorgak.
Bernard Elhorga eskuindarra izango da datozen hiru urtetan Senpereko auzapeza. Hala erabaki dute gaur herritarrek udal hauteskundeen bigarren itzulian.
Joan den igandea bezala, Elhorgak eta Egin Senpererentzat taldearen zerrendak lortu ditu boto gehien, 1333 boto zehazki (1115 bildu zituen lehen itzulian).
Dena dela, lehia estua izan du abertzale eta dimisioa eman zuten gehiengoko kideekin, Christophe Jaureguy eta Hats Berri taldea alde txikiagatik izan baitira bigarren, 100 boz gutxiago eskuratuta, 1233.
Halaber, azken gelditu da Dominique Idiart (Elgarrekin Senpererentzat), orain arteko auzapeza. 882 boto jasota, oposiziotik ariko da orain lanean.
Bernard Elhorgak 62 urte ditu eta Senperen sortua da, baina urte luzez Paris inguruan egin du lan, Postan, eta orain erretretan, Herriko Etxeko giltzak hartuko ditu. Ostiralean hartuko du Idiarten lekukoa. Dena den, denek adierazi dute senpertar guzientzat egingo dutela lan, elkarrekin, azken hilabeteetako ur harroak baretzeko asmotan.
2022ko urrian Herri Kontseiluaren gehiengoaren hamar zinegotzik kargua utzi zuten, eta horietatik bost bete ziren. Abenduan oposizioko hautetsi guztiek dimisioa eman ostean, udalbatzaren heren bat hutsik geratu zen. Hortaz, legez behartuta zeuden hauteskundeak errepikatzera.