Kargatzen...
Itxi

Eztabaida Radio Euskadin

ETAko presoei ezarritako dispertsioaren amaiera ontzat eman dute Legebiltzarreko alderdi guztiek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Dena dela, ETAko biktimak erdigunean jartzeko eskatu du PPk, eta EH Bilduk, berriz, aldarrikatu du hurrengo urratsa izan beharko litzatekeela "gatazka honekin lotutako preso guztiak askatzea".

Leixuri Arrizabalaga (EAJ) eta Ekain Rico (PSE), Radio Euskadin. Argazkia: EITB MEDIA

ETAko azken bost presoak EAEko espetxeetara hurbiltzeko Espainiako Barne Ministerioak emandako aginduaz mintzatu dira euskal legebiltzarkideak larunbat honetan Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioko eztabaida politikoan. Erabaki horrek ETAko presoei ezarritako sabanaketari amaiera emango dio.

Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak aitortu du "pozez eta baikortasunez" jaso dutela berria. "Modu positiboan ikusten dugu. EAJ eta Jaurlaritza beti egon dira sakabanaketaren aurka, eta justizia sustatzeko proposamenak ere egin izan ditugu", argudiatu du.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, "35 urte iraun duen politika bidegabea eta ankerrari" amaiera eman zaio, eta dispertsio politikak suspertu dituzten pertsonei erantzukizunak eskatzea defendatu du. "Gatazka honen indarkeria mota bidegabeenetarikoa izan da, presoen familiak zigortzea bereziki zuelako helburu", salatu du. "Erabat positiboa da dispertsioa amaitu izana, baina hurrengo urratsa izango da gatazka honekin lotutako preso guztiak askatzea", ohartarazi du.

Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, ETAko azken presoen hurbiltzeak "zentzudun eta legezko espetxe-politika bati" erantzuten dio, "eta horrela herritar guztiek ikusi dezakete gaur egungo Euskadik ez duela zerikusirik ezarri nahi zuten proiektu totalitarioarekin".

Bestalde, David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak esan du "aspalditik" existitzen zela espetxe-politikan "mendeku-asmorik gabeko esparru juridiko bat". "Elkarbizitzan eta normalizazio politikan urratsak emateagatik pozten gara", gaineratu du, eta "ETAko indarkeria izandakoa gaitzesteko pausu gehiago" eman dezan eskatu dio ezker abertzaleari.

Azkenik, Muriel Larreak (PP+Cs) defendatu du biktimak izan behar direla guztiaren erdigune, eta "euren duintasuna azpimarratu" behar dela. "Legea bete behar dugu, gustatu ala ez. Legeari erreparatuta, (presoak) hemen baldin badaude, legeari errespetua zor diogu", amaitu du.

Albisteak (2)