EITB Focus
Gipuzkoa: EAJk mantendu egingo luke EH Bildurekiko aldea
D. P. | eitb media
EAJk eta EH Bilduk hazkundea izango lukete, baina neurri berean egingo lukete gora biek. Bestalde, PSE-EEk eta PPk eutsi egingo liekete egungo ordezkari kopuruei, eta Elkarrekin koalizioak batzarkideen erdiak galduko lituzke.
EAJk irabaziko lituzke Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, eta mantendu egingo luke, gainera, EH Bildurekiko aldea, EITB Focus makroinkestaren arabera.
Euskadin inoiz egindako inkesta handiena da EITB Focus, eta maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete baino ez direnean falta egin dute.
Foru hauteskundeen kasuan, EAEko lehia estuena Gipuzkoakoa izango litzateke. EAJk eta EH Bilduk, biek ala biek, hazkundea izango lukete eserlekutan eta bototan, baina neurri berean egingo lukete gora, eta, horrenbestez, bien arteko aldea duela lau urteko berdina izango litzateke. Hain zuzen ere, 1,2 puntu eta eserleku bat gehiago izango lukete.
EITB FOCUS
Horren ildotik, alderdi jeltzaleak botoen % 37,1 izango lituzke (21 batzarkide), eta koalizio abertzaleak, aldiz, % 33,1 (18 ordezkari).
Indar politikoek azken legegintzaldiko akordioak berretsiko balituzte, Eider Mendoza jeltzalea izango litzateke ahaldun nagusia, Markel Olanoren ordez (aurten ez da hautagai izan).
EITB FOCUS, Batzar Nagusiak, inkesta osoa (PDFa)
Bestalde, PSE-EEk errepikatu egingo luke duela lau urteko ordezkari kopurua, 9, baina boto-asmoan 1,4 puntu behera eginda, % 15,9raino.
Elkarrekin koalizioaren kasuan (Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatzen dute), jaitsiera are malkartsuagoa izango litzateke, ordezkarien erdiak galduko bailituzke (4tik 2ra pasatuko litzateke) 2019an Elkarrekin Podemosek izan zituen emaitzekin alderatuta.
Azkenik, PPk mantendu egingo luke egungo ordezkaria, baina botoetan 0,6 puntu behera eginda. Voxek bozen % 1,4 jasoko lituzke eta ez luke lortuko Gipuzkoako Batzar Nagusietan sartzea.
EITB FOCUS
Balorazioa
Maddalen Iriarte (EH Bildu) lurraldeko hautagai ezagunena eta baloratuena da. Izan ere, herritarren % 65,3k ezagutzen dute, eta 6,1eko nota ematen diote.
Bigarrena Eider Mendoza (EAJ) da, gertu balorazioan (5,8), baina urrun ezagutza mailan (% 38,7).
Gainerako hautagaiei dagokienez, Miren Echevestek (Elkarrekin) % 32,7ko ezagutza maila du, eta 4,9ko nota; Jose Ignacio Asensiok (PSE-EE), % 32,6ko ezagutza maila eta 4,8ko nota, eta Mikel Lezamak (PP), % 23,8ko ezagutza maila eta 2,9ko nota.
Bihar, udal hauteskundeak
Asteartean, EITB taldeko hedabideek EITB Focus makroinkestaren hirugarren zatia publikatuko dute, udal hauteskundeetarako boto aurreikuspenarekin.
Gipuzkoaren kasuan, Donostiako, Irungo, Tolosako eta Eibarko emaitzak eskainiko dituzte.
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.