EITB Focus
EAJk irabaziko luke Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta UPNk eta EH Bilduk jokoan izango lukete Iruñea
David Perez | eitb media
EAJk hobetu egingo lituzke EAEko hiru hiriburuetako emaitzak. EH Bilduk, aldiz, aurrea hartuko lioke PSE-EEri Bilbon eta Gasteizen. Iruñean, PSNk erabakiko du Alkatetza UPNri edo koalizio abertzaleari ematea.
EAJk berriz ere irabaziko lituzke Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udal hauteskundeak, hiru hiriburuetan gora eginda, EITB Focus makroinkestaren arabera. Iruñean, aldiz, PSNk giltza izango du berriz Alkatetza UPNren edo EH Bilduren esku uzteko.
Euskadin inoiz egindako inkesta handiena da EITB Focus. Izan ere, 6.600 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte EAEn, eta 1.200 Nafarroan.
Atzo, EITB taldeko hedabideek Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako aurreikuspenak publikatu zituzten, eta gaurkoan udaletarako inkestek joera berdinak berretsi dituzte.
Hori horrela, EAJk indartu egingo luke EAEko hiriburuetako gehiengoa, eta mantendu egingo lituzke Getxoko, Basauriko, Barakaldoko eta Laudioko udal gobernuak.
Bere aldetik, EH Bilduk aurrea hartuko lioke Alderdi Sozialistari Bilbon eta Gasteizen bigarren indar gisa, eta bozkatuena izango litzateke Tolosan eta Agurainen. Gainera, Iruñean ere agintea berreskuratzeko aukerak izango lituzke.
PDFa: EITB Focus, EAEko 11 udalerritan boto asmoari buruzko inkesta
PDFa: EITB FOCUS, boto asmoari buruzko inkesta Iruñean
Bestalde, PSE-EE jaitsi egingo litzateke bototan hiriburuetan, eta are gehiago bere feudo historikoetan. Hala ere, bozkatuena izaten jarraituko luke Irunen eta Eibarren.
Elkarrekin koalizioak (Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatzen dute) zinegotzi bat galduko luke Donostian, baina eutsi egingo lieke Bilbokoei eta Gasteizkoei. Iruñean, Podemos eta Izquierda-Ezkerra koalizioan aurkeztu dira, eta bi ordezkarirekin sartuko lirateke Udalean.
Azkenik, PPk errepikatu egingo lituzke Gasteizko emaitzak, baina behera egingo luke Bilbon eta Donostian.
Hiriburuak
Hiriburuei dagokienez, zalantza handiena Iruñean egongo da: PSNk Cristina Ibarrola (UPN) edo Joseba Asiron (EH Bildu) egin lezake alkate.
Gasteizen, Beatriz Artolazabal EAJko zerrendaburuak hobetu egingo lituzke Gorka Urtaran aurreko alkatearen emaitzak.
Bilbon, Juan Mari Aburto (EAJ) gehiengo osoaren atarian geratuko litzateke berriro, eta hirugarren agintaldia erdietsiko luke.
Azkenik, Donostian, Eneko Goia jeltzaleak ere gertu izango luke hirugarren legegintzaldia, duela lau urte baino zinegotzi bat gehiago lortuta.
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.