EITB Focus
Aburto gehiengo osoaren atarian geratuko litzateke berriz Bilbon
D. P. | eitb media
EAJk 14 zinegotzi eskuratuko lituzke berriro, eta EH Bilduk aurrea hartuko lioke PSE-EEri bigarren indar gisa.
EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko udal hauteskundeak Bilbon, eta gehiengo osoaren atarian geratuko litzateke berriz. Horrenbestez, Juan Mari Aburto egungo alkateak hirugarren agintaldia lortuko luke, EITB Focus makroinkestaren arabera.
Euskadin inoiz egindako inkestarik handiena da EITB Focus. Udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete falta diren honetan, EITB taldeko hedabideek Batzar Nagusietarako aurreikuspenak publikatu zituzten atzo, eta gaur, aldiz, udaletakoak.
PDFa: EITB Focus, EAEko 11 udalerritan boto asmoari buruzko inkesta
Horren ildotik, EAJk duela lau urte baino boto portzentaje handiagoa eskuratuko luke aurten Bizkaiko hiriburuan (% 43,1etik % 44ra pasatuko litzateke), baina ordezkari kopuru berdina jasoko luke, 14.
EITB FOCUS
Bestalde, EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, PSE-EE gaindituta eta 2019an baino zinegotzi bat gehiago jasota, 5. Bototan ere gora egingo luke: % 17,1 izango lituzke, hain zuzen ere, azken hauteskundeetan baino bi puntu gehiago.
PSE-EE hirugarren lekura jaitsiko litzateke. Egungo 5 ordezkariak mantenduko lituzke, baina babes txikiagoarekin: % 14,7, hots, orain arte baino 1,4 puntu gutxiago.
Elkarrekin koalizioa bide beretik ibiliko litzateke, eta eutsi egingo lieke azken hauteskundeetan lortutako zinegotziei (3), baina boto kopurua 0,7 puntu jaitsita.
Azkenik, PPk ordezkari bat gutxiago izango luke (3tik 2ra pasatuko litzateke), bidean 1,4 puntu galduta.
EITB FOCUS
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.