EITB Focus
Artolazabalek gainditu egingo lituzke Urtaranen emaitzak Gasteizen; EH Bildu bigarren lekura igoko litzateke
D.P. | eitb media
EAJk duela lau urte baino zinegotzi bat gehiago izango luke; PSE-EEk bat galduko luke, eta EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin koalizioak eutsi egingo liekete egungo ordezkariei.
EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko udal hauteskundeak Gasteizen, botoen % 25,6 eta 8 zinegotzi eskuratuta. Hori horrela, Beatriz Artolazabal hautagai jeltzalea izango litzateke alkate, Gorka Urtaran udal agintari ohiaren emaitzak gaindituta, EITB Focus makroinkestaren arabera.
EITB Focus inkesta berezia Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz egindako handiena da, eta udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete falta direnean egin dute. Hauteskunde horietan, boto-emaileek Batzar Nagusietako eta udaletako ordezkariak hautatuko dituzte, eta horiek ahaldun nagusiak eta alkateak izendatuko dituzte gero.
PDFa: EITB Focus, EAEko 11 udalerritan boto asmoari buruzko inkesta
Duela lau urte, EAJk bozen % 23,8 eta 7 zinegotzi lortu zituen Gasteizen. Dena dela, aurtengo balizko zortzigarren ordezkaria zalantzan dago, boto gutxitara baitago lehia.
EITB FOCUS
Bestalde, EH Bilduk aurrea hartuko lioke PSE-EEri, eta bigarren indar bihurtuko litzateke, % 22,3ko babesarekin (azken hauteskundeetan baino 1,6 puntu gehiago). Koalizio abertzaleak 6 zinegotzi izango lituzke, orain arte bezala, baina aukerak izango lituzke zazpigarrena bereganatzeko.
Bigarren lekutik hirugarrenera Alderdi Sozialista jaitsiko litzateke. Hain zuzen ere, zinegotzi bat eta 2,3 puntuko babesa galduko lituzke, orotara 5 ordezkari lortuta, baina baliteke seigarrenari eustea.
PPk mantendu egingo lituzke egungo 5 ordezkariak (botoen % 18,3 jasoko lituzke, 2019an baino 0,3 puntu gutxiago), eta Elkarrekin koalizioak (Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatzen dute) eutsi egingo lieke Elkarrekin Podemosen 3 zinegotziei.
Azkenik, Arabako Batzar Nagusietan ez bezala, Voxek urrun izango luke ordezkaritza izatea Gasteizko Udalean, bozen % 2,8 izango bailituzke. Horren ildotik, kontuan izan behar da Batzar Nagusietan gutxienez botoen % 3 eskuratu beharra dagoela, baina langa hori % 5ekoa dela udaletan.
EITB FOCUS
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.