Uztailaren 7an
EH Bildu Gipuzkoako mozio-zentsuraren aurka manifestatuko da Donostian
Erredakzioa
'Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara' lelopean Juan Karlos Alduntziren aurkako mozioaren kontra egingo du protesta koalizio abertzaleak.
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) koalizioak datorren uztailaren 7an Donostian manifestazio bat egiteko deia zabaldu du, PSEk, EAJk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren kontra egindako mozio-zentsura salatzeko. Alduntziren aurkako mozio-zentsura zaborrak kudeatzeko Aldundiaren egitasmo berria dela-eta egin zuten; egitasmoa uztailaren 6an Gipuzkoako Legebiltzarrean eztabaidatuko da.
Gipuzkoako hiriburuan egindako prentsaurreko batean, Idoia Aiastui eta Ernesto Merino EH Bilduko bozeramaileek, Joseba Permach eta Ander Rodriguez (Alternatiba) koalizioaren ordezkariekin batera egindako agerraldian testu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta horren bidez, uztailaren 7an 17:30ean Donostiako Boulevarretik abiatuko den manifestaziora deitu dute, 'Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara' lelopean.
Gainera, oposizioak hartutako jarrerarekin “ados” ez daudela adierazi dute, Bilduren Gipuzkoako Gobernuaren ekintzen aurrean agertutako “urduritasuna eta kontraesanak” direla eta mozio-zentsura egin dutelako, “aurrekaririk gabeko ekimena”.
Aiastuik eta Merinok nabarmendu dutenez, Bilduk proposatutako zaborren kudeaketa eredu berriak zaborren arazoarentzat “konponbidea” ekarriko du eta, gainera, Zubietako erraustegia egiteko baino “200 milioi euro gutxiago” ordainduko beharko da.
Halaber, gaineratu dute Bilduren Gobernuaren proposamena “Europatik heltzen diren ebazpenetan” oinarritzen dela, hau da, “birziklapenean, zaborren errausketan beharrean”. Euren ustez, EAJ, PSE eta PP alderdiek “gipuzkoarren interesak alde batera utzi dituzte”.