Elkarrizketa Radio Euskadi
Iñigo Martinez: "Aberri Egun bateratu batean parte hartuko genuke data laikoago bat aukeratuko balitz"
A.A.E.| EITB MEDIA
Elkarrekin Podemos - Ezker Anitzako parlamentariak Sumar ez dela soilik alderdien batura bat defendatu du eta Podemosek bertan parte hartuko duela espero du. "Aliantza handiak lortu eta irabazteko proiektua da", esan du.
Elkarrekin Podemos - Ezker Anitza taldeko legebiltzarkidea den Iñigo Martinezek Euskadiren Eguna ospatzeko "data laikoagoa" bilatzea nahiko lukeela adierai du gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Aurten bere alderdiak ez du Aberri Egunerako ekitaldirik antolatu, baina Ezker Batuak historian zehar ospatu izna duela oroitu du, "beti ere aberria pertsonak direla kontuan hartuta". Hori dela eta, "guztiok ordezkatuko gaituen data bat" bilatzearen alde egin du, "abenduaren 3a, Euskararen Eguna, adibidez".
Yolanda Diazen Sumar proiektuari buruz galdetuta, Podemosek azkenik egitasmo honetan parte hartuko duenaren itxaropena agertu du. Bere iritzian, "gaur egun ezkerreko alderdi eraginkorra izateko modu bakarra Sumar da". Egitasmoari forma emateko bileretan alderdi eta mugimendu askok hartu dutela parte gogoratu du, "baita hainbat autonomia erkidegoetako Podemoseko kideek ere".
"Alderdi politikoak ez direla helburu bat bere horretan, erremintak baizik" azaldu du legebiltzarkideak. Ezker Batuak "irabazteko asmoz sortutako proiektu honetan mundu guztia eroso sentitu dadin" lanean jarraituko duela ziurtatu du. Sumar "jendearen arazoak erdigunean jartzeko helburua" duen egitasmo gisa definitu du; "gazteen arazoak, emakumeenak, klimak dakartzan arazoak..." konpontzeko bidea izango dela adierazi du.
Etorkizuneko Hezkuntzako euskal legeaz ere aritu da Iñigo Martinez Radio Euskadin. Bere iritzian, Eusko Jaurlaritza duela urtebete sinatu zuen "Hezkuntza itunaren izpiritutik urruntzen" ari da. Itun hark gaur egungo "50/50 eredua gainditzea zuen helburu, hezkuntza publikoaren esparrua handitzea, baliabide gehiago jarrita eta segregazioaren aurka egitea". Baina urte honetan zehar onartu dituen dekretu eta arauekin atzerapausoa egin duela Hezkuntza Sailak baieztatu du.
Azkenik, Osakidetzako garbiketako azpikontratatutako langileei babesa erakutsi nahi izan die Iñigo Martinezek. "Gotzone Sagardu sailburuaren hipokrisia" salatu nahi izan du. "Alde batetik hau ez dela Gobernuaren arazoa dio eta bestetik Gobernuak berak agintzen ditu eritxeetako ezohiko garbiketak".