Itxi

Gazte Topagunea

"Biharko" Euskal Herria "gaurtik" eraikitzeko deia egin du Ernaik Gazte Topaguneko ekitaldi nagusian

Olatz Prat | EITB Media

Leer en Castellano

Euskal Herria "independente, sozialista eta feminista" ardatz hartuta hiru egunetan Elorrion milaka lagun bildu dituen egitarauari amaiera eman diote larunbat gauean. "Sistema neoliberalaren agortzearekin", bizitza bizigarri egiteko erabakiak hartzearen premiaz aritu dira, besteak beste.

Gazte Topagunearen ekitaldi politiko nagusia, gaur, Elorrion. @ernaigazte

Independentzia, sozialismoa eta feminismoa "ipar eta helburu" hartuta, 5.000tik gora gazte bildu dira ostegunetik larunbatera Elorrion, Ernai Ezker Abertzaleko gazte antolakundeak antolatutako Gazte Topagunean.

Larunbat arratsaldean egin duten ekitaldi politiko nagusian laburbildu dituzte egun hauetan hizpide eta langai izan dituzten ardatzak, eta bertan zehaztu dute datozen urteetarako norabidea ere: "Eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren alde gabiltzanok elkartu, konspiratu eta borrokatu, gaur bizi eredu eta bizi baldintza duinagoak lortzeko eta, bihar, amesten dugun Euskal Herri batean bizitzeko".

Hizlariek nabarmendu dutenez, "bizi proiektu duin bat garatzeko aukerarik ematen ez duen sistema kapitalista zisheteropatriarkalak goia jo du", eta azpimarratu dute, beharrezkoa dela eredu aldaketa bat, azken urteetako krisiek, hala nola, osasun krisiak, krisi energetikoak, larrialdi ekologikoak, inflazioak edo gerrak, "hala erakutsi dutelako".

"Fase neoliberala agortzearekin", etorkizunean "erabaki asko" hartu beharko dituztela gogorarazi dute, eta "oraingo ekintza eta erabakiek zehaztuko" dutela "idatzi gabe" dagoen etorkizun hori.

Hala, norabide horretan egunotan Gazte Topagunean lortutakoa goraipatu dute, "gazte boterearen indarrez eta elkarrekin lan eginez edozer lortu dezakegula erakutsi dugu: herri feminista, euskalduna, auzolanean antolatzen dena, irakasten eta ikasten duena, dantzatzen ere badakiena, konspiratzen duena".

Halaber, diskurtso "matxista, homofobo eta arrazista" babesten duen eskuin muturrari ere zuzendu zaizkie: "zuen erasoen aurrean, kaleak feminismoz beteko ditugu, armairuak lehertuko ditugu eta gure herriaren ateak zabaltzen jarraituko dugu. Gure gorputzen gainean erabaki nahi dugulako, gure herriaren gainean erabaki nahi dugulako".

Ekitaldi horrekin eta ondorengo kontzertuekin eman diote amaiera, eguraldia lagun, hiru egunez, goizetik gauera gozatu ahal izan duten egitarau oparoari, berrogeitik gora hitzaldi eta beste hainbeste kontzertuz gain, era guztietako lantegiak eta ikuskizunak izan baitira, zortzi gunetan banatuta. 

Aurtengoa, Topagune berezia izan da gainera, izan ere 10 urte bete ditu aurten Ernaik eta ibilbide horretan atzera begiratu badute ere, orainean eta etorkizunean jarri dute, batez ere, jopuntua, "Bizitzeko modu bat" lelo hartu eta "bestelako etorkizun bat imajinatu eta egia bihurtzeko momentua" dela aldarrikatuta. 

Gazte Topagunea, Elorrion. Argazkia: @Ernaigazte.