polemika
Memoria txostenetan biktimak eta biktima-eragileak nahastea baztertu beharrekoa dela uste du Jaurlaritzak
Agentziak | EITB Media
Ohar batean, Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi du Gogorak 2018an ezarri zituela memoriari buruzko udal txostenak egiteko oinarriak, eta bertan zehazten dela "informazio-gabeziak edo balorazio justifikatzaileak" errefusatu behar direla.
Galdakaoko (Bizkaia) Udalari EAJk eta PSE-EEk ETAko bi kideren izenak biktimen zerrendatik kentzeko egindako eskaeraren harira, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak zera adierazi du: "Memoria kritikoa eta eraikitzailea eratzeko orduan, baztertu beharra daude indarkeria ekintzen eta biktima eta biktimagileen arteko nahasketak".
Ohar batean, aipatu auziari zeharkako aipamena eginez, ETAko kide Xabier García Gaztelu eta Jon Bienzobas izan ditu hizpide.
"Indarkeria ekintzek eta biktima eta biktimagileen arteko nahasmenak, informazio gabeziak eta ekintza horien gaineko adierazpenek ez dute memoria kritiko eta eraikitzaile bat eratzen laguntzen", nabarmendu du sailburuak.
Zentzu horretan, gogora ekarri du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2018an argitaratutako txostena. Memoriari eta giza eskubideei buruzko udal txostenak egiteko oinarriak jaso zituzten bertan. "Irizpideak indarrean daude oraindik, eta Jaurlaritzaren jarrera argi definitzen dute horiek", erantsi du.
"Bi oinarri" ditu agiriak: terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketa ororen aurretiko salaketa irmo eta argia", eta txosten horien aurkezpenean "biktimak berbiktimizatzen dituzten gaizki-ulertuak alboratzea".
Agiri horrek, halaber, adierazten du txostenetan giza eskubideen urraketa larrien nazioarteko estandarrekin bat ez datozen gertaeren kasuan argi eta garbi bereizitako esparruak behar direla, informazioari, tratamenduari eta balorazioari dagokienez.