Hauteskundeak EAEn
Laura Mintegi izango da EH Bilduren lehendakarigaia
Erredakzioa
EHUko irakaslea eta idazlea da Mintegi. Astearte honetan egingo duten ekitaldi ofizialean aurkeztuko dute, Europa Pressek iragarri duenez.
Laura Mintegi idazle eta EHUko irakaslea izango da Euskal Herria Bildu koalizioak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei begira aurkeztuko duen lehendakarigaia, Europa Press agentziak iragarri duenez. Astearte honetan egingo dute hautagaia aurkezteko ekitaldi ofiziala, Bilbon.
Koalizioak Bizkaiko emakume baten aldeko apustua egiteko asmoa duela iragarri du aurretik. Lizarran (Nafarroa) jaio zen Mintegi, baina Bizkaian bizi da. Historian lizentziatua eta Psikologian doktorea da, eta egun Hizkuntza eta Literatura Didaktikaren Sailean irakasle lanetan dabil EHUn. Euskaltzain urgazlea eta idazlea ere bada Mintegi, eta hainbat lan kaleratu ditu, tartean Sisifo maite minez, Legez kanpo eta Nerea eta biok.
Azaroko hauteskunde orokorretan, bere burua Senaturako hautagai aurkeztu zuen, Amaiurren Bizkaiko zerrendetan. Bigarren zegoen bertan, baina ez zen aukeratua izan.
Ekitaldi ofiziala, astearte honetan
Astearte honetan aurkeztuko du ofizialki Euskal Herria Bildu koalizioak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei begira aurkeztuko duen lehendakarigaia.
Ohar batean koalizioak azaldu duenez, ekitaldian Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak hitz egingo du eta, ondoren, lehendakarigaiak hartuko du hitza.
Aurkezpena Bilboko Carlton Hotelean egingo dute, 11:30ean.