Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Estatuko Etxebizitza Lege berriak eskumenak urratzen dituela salatu du Aitor Estebanek

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramailearen iritziz, ulergaitza da EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin Etxebizitza Legea adostea.

Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramailea, Radio Euskadin

EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gobernuarekin adostu duten Etxebizitza Lege berria kritikatu du gaur goizean EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak. Horren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ditu.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, Aitor Estebanek azpimarratu du 2015ean EAJk Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako Etxebizitza Legea babestu ez bazuen ere, "gure legea" dela eta Espainiakoaren gainetik defendatuko duela.

Estebanek EH Bilduren "koherentzia falta" kritikatu du, horren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza alorreko eskumenak urratzen dituen lege bat adosteagatik. Halaber, Pedro Sanchezi aurpegiratu dio bere taldeak ez duela oraindik legearen testua jaso, eta ustez bihar dela egitekoa gaiari buruzko lantaldearen bilera.

Ez du oso argi Etxebizitza Lege berriak funtzionatuko ote duen ala ez, eta "aurrerapausoa baino porrota" izan daitekeela gaineratu du. Adibidez, alokairua erakarri baino uxatu egin dezakeela uste du.

Oroimenaren webguneen harira sortutako polemikaz galdetuta, "akatsak" dituztela eta "zuzendu" egin behar direla nabarmendu du, "biktimak eta biktimarioak" ez nahasteko. Azaldu duenez, "nahitaezkoa da zuzenketa bat" egitea, eta "Aranzadik berehala egingo du", horren ustez.

"Bai bakarrik da bai" legea erreformatzeko PSOEk aurkeztutako proposamena babestu egingo duela adierazi du Aitor Estebanek, eta ukatu egin du aurreko Zigor Kodera itzultzea eragingo duela. Halaber, esan du hainbat delitugileren zigorrak murriztearen "erantzukizun nagusia" hura bultzatu zuten ministerioek eta Justizia Ministerioak dutela.