Galdeketa
EAEko hiru herritarretik bik uste dute biztanleriak ez duela sistema politikoan eragiteko aukerarik
E. G. | EITB Media
Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak EHUren, Mondragon Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen lankidetzarekin egindako inkesta batean arabera, herritarren % 90entzat demokrazia da lehenetsitako erregimen politikoa, baina balorazioa nabarmen jaisten da funtzionamenduaz galdetuta.
EAEko hiru herritarretik bik uste dutenez, biztanleriak ez du sistema politikoan eragiteko aukerarik, eta politikariei ez zaie axola herritarrek pentsatzen dutena. Horiek dira Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak, EHU, Mondragon eta Deustuko unibertsitateekin lankidetzan, egindako "Demokraziari buruzko ulermenak gurean 2023" inkestaren ondorio nagusietako batzuk.
Galdeketaren nondik norakoak gaur aurkeztu ditu Naiara Goia Arantzazulabeko zuzendariak prentsaurrekoan, hiru unibertsitateetako ordezkariak ondoan zituela. Inkesta ikerketa proiektu zabalago baten barruan dagoela azaldu du Goiak, "oraindik martxan dagoena". Mendebaldean "demokraziarekiko kezka eta herritarren desatxikimendua" nagusitzen ari den honetan, EAEko herritarrek demokrazia nola ulertzen duten eta zein kontzepzio dituzten jakiteko galdeketa egitea ebatzi zuen laborategiak, esan duenez. "Emaitza deigarriak eta esanguratsuak lortu ditugu eta gure gizartea hobeto ezagutzeko aukera eman digu", gaineratu du.
Inkesta hilabeteko epean egin zuten telefonoz (otsailaren 22tik martxoaren 24ra) EAEko 2.173 herritarri galdetuta (1.022, Bizkaian; 661, Gipuzkoan, eta 490, Araban). Itaundutakoek emandako erantzun itxietako bat aukeratu behar zuten.
Oro har, biztanleriaren gehiengo zabal batek (10 herritarretik ia 9k) demokraziaren aldeko hautua egin du aukeran emandako erregimen politikoen artean, eta EAEko demokraziaren funtzionamenduaz galdetuta, balorazioa jaisten bada ere, % 60k "oso pozik" edo "dezente pozik" daudela esan dute. Dena dela, funtzionamendu zehatzarekin kritikoago azaldu dira galdetutakoak. Hala, ia % 65ek iritzi diote sistema politikoak herritar banakoari politikan eragina izaten "oso gutxi" edo "ezer ere ez" diola uzten. Proportzio bertsuan, biztanleek uste dute politikariei herritarrek pentsatzen dutena "oso gutxi" edo "ezer ere ez" zaiela inporta.
Bestalde, itaundutakoen erdiek demokrazia "konpromisoa"rekin lotzen dute, baina aitzitik, herenari baino gehiagori "axolagabekeria, mespretxua edo haserrea" sorrarazten dizkio hitzak.
Parte hartzeko ereduak hizpide, herritarren ia % 60k esan dute ordezkariak boto bidez hautatzea dela parte hartzeko eredu demokratikoena, baina herenak beste antolaketa modu batzuk hobetsi ditu, hala nola auto-antolaketa, herritarren zozketa edota boto asanblearioa.
Azken datu deigarri bat: sistema demokratikoan gobernuek izan beharreko lehentasunezko ezaugarriei buruz itaunduta, herritarren gehienak (% 75) nahiago dituzte gobernu horiek balio eta printzipioak edukitzea, eraginkortasunaren gainetik.