Itxi

Kongresua

'Bai bakarrik da bai' legearen erreforma onartuko dute, okerrik ezean, PSOE, PP, EAJ, Cs eta Juntsen botoekin

Agentziak | EITB Media

Irene Montero Berdintasun ministroak azken orduko akordioa lortzeko deia egin die sozialistei (09:00etan abiatuko da eztabaida). Onespena erdigunean mantentzea eskatu zuten milaka feministak Estatu osoan antolatutako elkarretaratzeetan.

Ione Belarra eta Irene Montero ministroak, Kongresuan. Argazkia: EFE

Okerrik ezean, PSOEk bultzatutako 'bai bakarrik da bai' legearen erreforma aurrera aterako da gaur PP, EAJ, Ciudadanos (Cs) eta Junts per Catalunya (Junts) taldeen aldeko botoekin. Bozketa 12:00etan izango da, Diputatuen Kongresuan. Behe Ganberako eztabaida 09:00etan hasiko da.

Lege horren moldaketak arrakala sortu du koalizio gobernuko bi kideen artean. Araudiaren ardatza onespena izatea defendatzen dute moreek, eta indarkeria eta larderia astungarriak izatea. Sozialistek, baina, sexu-erasoaren delituaren barruan azpiatal bat sortzea proposatu dute indarkeria edo larderia dagoen kasuetan zigorrak handiagoak izan daitezen. 

Unidas Podemos, ERC eta EH Bildu taldeek uste dute PSOEren erreformak onespena arauaren erdigunetik kenduko duela. Hala uste dute talde feministek ere, eta hori dela eta, atzo protesta egin zuten Espainiako Estatuko hainbat hiriburutan erdigunean onespena jartzea aldarrikatzeko. 

Irene Montero Berdintasun ministroaren ustez, Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legearen erreforma "atzerapausoa" da. Kongresuko korridoreetan, ministroak esan zuen "ulergaitza" dela PSOEk PPrekin ituna egitea, eta sozialistei ohartarazi zien gobernu koalizioa "zaintzeko" Podemosekin eta gehiengo feministarekin akordioa lortu behar dutela. "Eskubideetan atzera egiten duen kontrarreforma bat PPrekin adosteak ez du zerikusirik koalizioa zaintzearekin. Guztiz kontrakoa da", adierazi zuen.

Monteroren ustez, koalizioa zaintzea Zigor Kodearen erdigunean onespena babesteko akordioa mantentzea da, "hori baita bi gobernukideok hitzartu genuena". Hala ere, azken orduko akordio bat posible dela nabarmendu du. 

"Gutxiengoan geratzen bagara ere, eskubide feministak PPrekin hitzartu daitezkeenik sinesten ez duten pertsonak Gobernuan egon behar direla defendatzen jarraituko dugu. Guretzat hori koalizioa zaintzea da", azaldu zuen.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak justifikatu egin zuen erreforma, argudiatuz "aurrerapauso feminista" dakarren araudi hori "defendatzeko modurik onena, hain zuzen ere, Zigor Kodean aldaketa tekniko hori egitea" dela.

Elkarretaratzea Bilbon. Argazkia: EFE

Elkarretaratzeak

Bilboko eta Donostiako Justizia jauregien sarreran egindako bi elkarretaratzek erreformaren aurkako protesta egin zuten atzo arratsaldean. Kolektibo feministak Estatuko hainbat hiritan bildu ziren, "Askeak eta eskubidedunak. Baimena ez da negoziatzen" lelopean.

Deitzaileen manifestuaren arabera, Sexu Askatasunaren Legea "paradigma aldaketa garrantzitsua izan zen, eta baimena jarri zuen sexu-indarkeria definitzeko osagai bakar gisa". Hori, horien ustez, galdu egin da PSOEk bultzatutako eta PPrekin adostutako erreformarekin.

Protesta Bilboko Justizia Jauregiaren sarreran. Argazkia: EFE

Albisteak (1)