Hezkuntza Legea
Andueza: "Saiatuko gara hizkuntza ereduak blindatzen eta Hezkuntza legean espresuki jasotzen"
EITB Media
PSE-EEko liderraren hitzetan, EAJk "bazekien" sozialistek hezkuntza lege proiektuarekin desadostasunak zituztela, gobernu bileraren bezperan Mendiak Urkullurekin hitz egin baitzuen. Dena dela, elkarrizketaren alde agertu da, eta "EAJrekin batera" gaiok "zuzentzeko" aukera egongo delakoan dago.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza legearen aurreproiektua onartu berritan, gobernuko kideetako batek, PSE-EEk, egindako kritikak hizpide, Eneko Andueza euskal sozialisten buruzagiak aurreratu du saiatuko direla "hizkuntza ereduak blindatzen eta Hezkuntza Legean espresuki jasotzen". Hori egiteko, horren esanetan, "elkarrizketa eta adostasuna" bilatuko dituzte, "EAJrekin" eta gainerako alderdiekin, bereziki hezkuntza ituna babestu dutenekin.
Dena dela, ez du baztertu sozialistek zuzenketak aurkeztea edo "bestelako aukera batzuk" baliatzea gaiok "zuzentzeko". "Ez dugu onartuko beste batzuek nazionalistentzat bakarrik izango den eraikuntza nazionalean aurrera egiteko erabiltzea", nabarmendu du.
Bilbon antolatutako gosari informatibo batean egin ditu adierazpenak Anduezak. Horren arabera, EAJk "bazekien" sozialistek hezkuntza lege proiektuarekin desadostasunak zituztela —Bildarratz "harrituta" agertu da gaur—, eta zehaztu du Idoia Mendia lehendakariordeak hala jakinarazi ziola gobernu bilera bezperan Iñigo Urkullu lehendakariari.
Anduezaren esanetan, hezkuntza lege berri baten aldekoak dira sozialistak. "Aukera berdintasuna bermatuko duen eta, batez ere, ikasleen errendimendua hobetu eta handituko duen araudi bat" babestuko dutela esan du. "Horregatik babestu genuen hezkuntza ituna eta horregatik ez genuen atzo aurreproiektua onartzea oztopatu", azaldu du.
"Sakontzeko aukera izango dugu tramitazioan, oso argi ez dauden gauzak egokitu, zuzendu eta zehazteko", gaineratu du. "PSE-EEk erantzukizunez jokatuko du eta eskua luzatuko die gainerako taldeei akordioa lortzeko", erantsi du.