Itxi

Hezkuntza Legea

Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Csk osoko zuzenketa aurkeztuko diote Hezkuntza legearen proiektuari

EITB MEdia

Leer en Castellano

Ezkerreko koalizioaren ustez, egitasmoak itunpeko sarea "unibertsal" bihurtzen du eta ez du segregazioari aurre egiteko neurririk planteatzen. PPren aburuz, bestalde, "euskara inposatu" nahi du Jaurlaritzak, "larrialdi nazional egoera" sortuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Elkarrekin Podemos-IU (EP-IU) eta PP+Cs taldeek osoko zuzenketa aurkeztuko diote Hezkuntza legearen proiektuari, bi taldeon bozeramaileek, Miren Gorrotxategik eta Carlos Iturgaizek, hurrenez hurren, gaur prentsaurrekoan iragarri dutenez. 

PP+Cs taldeak aspaldi adierazi zuen Bildarratzen asmoen kontra zegoela, eta, Voxekin batera, hezkuntza itunerako oinarrien testua sinatu ez zuen talde bakarra izan zen. Ezkerreko koalizioaren haustura gaur egin da ofizial, aurretik ere Jaurlaritzaren "etengabeko urraketak" salatu baditu ere. 

Eguerdian prentsaurrekoa eskaini dute Legebiltzarrean Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategi, Iñigo Martinez eta Isabel Gonzalez legebiltzarkideek. Salatu dutenez, Jaurlaritzaren testuak ez du iaz gehiengo zabalez onartutako hezkuntza ituna errespetatzen, itunpeko sarea "unibertsal" bihurtzen du eta agerian uzten du eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izateko Jaurlaritzak duen "borondate eza". 

EP-IUren bozeramailearen esanetan, ezkerreko koalizioa "erabat etsita" dago testuarekin, baina aitortu du "iragarritako dezepzioa" dela Jaurlaritzak azken urte honetan "hainbat aldiz urratu" duelako hezkuntza hitzarmena. 

Gorrotxategiren arabera, itunak jasotzen zuen legeak "beste norabide bat" eman behar ziola hezkuntza politikari, baina zirriborroak "denak berdin jarraitzearen alde egiten du, eta kontzertazio unibertsala blindatzera dator". Horren esanetan, itunpeko ikastetxeei ezartzen zaien "benetako baldintza bakarra" sexuen araberako bereizketarekin amaitzeko konpromisoarekin bat egitea da.

Testuak itunpeko ikastetxeak "modu orokorrean eta anbiguoan" aipatzen dituela deitoratu du Gorrotxategik eta ez duela kontzertazioa baliorik gabe uzteko xedapenik gehitzen.

Gainera, lege proiektuari "segregazioarekin amaitzeko" konpromisoa falta zaiola uste du. Azaldu duenez, bere kontrako "balizko itun" bat jasotzen badu ere, ez du "neurri zehatzik" aipatzen. Segregazioaren aurkako borroka "etorkizunera atzeratzen da", gaineratu du.

Ikastetxe publikoek eta itunpekoek osatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kritikatu du, "ezin direlako bi sareak berdin tratatu, ez delako haren hitzetan gauza bera eskola publiko bat eta diru publikoarekin finantzatutako hezkuntza zentro bat. "Lege proiektu honetan titulartasun publikoa ez da garrantzitsua", salatu du Gorrotxategik.

"Testu orokorregia da, ez du ezer zehazten, ez dago eskola publikoa eta segregazioaren aurkako borroka indartzeko edukirik", gaineratu du. Halaber, iragarri du Elkarrekin Podemos-IU ez dela joango arratsaldean egingo den hezkuntza itunaren jarraipen batzordearen bilerara.

Hezkuntza Legearen proiektuak larrialdi nazionala sortzen duela ohartarazi du Carlos Iturgaizek

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidentearen iritziz, Hezkuntza Legearen proiektuarekin "larrialdi egoera nazionala sortzen da euskara inposatu eta gaztelera erbesteratzen delako".

Lege proiektua "aberrazioa, eskandalua eta gaztelaniaren kontrako atentatua da", Euskadiko PPko presidentearen esanetan. Horrez gain, esan du EH Bilduren "aginduetara" EAJk eta PSE-EEk bultzatutako testua izan dela.

PSE-EEk lege proiektuaren edukia kritikatu izana "hauteskunde giroko itxurakeria" besterik ez da bere esanetan.

Bestalde, Iturgaizek iragarri du "hartu beharreko neurriak" hartuko dituztela, Konstituzio Auzitegira joko duten argitu gabe.

Albisteak (2)

Bideoak (1)