Itxi

Etxebizitza

Kongresuak argi berdea eman dio etxebizitza legeari, ERCren eta EH Bilduren botoekin

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

176 baiezko, 167 ezezko eta abstentzio bakarra jaso du legeak. PSOE, UP, ERC, EH Bildu, Mas Pais, Compromís eta Teruel Existe alderdiek alde bozkatu dute, BNG abstenitu egin da eta PP, Vox, Cs, Junts, PDeCAT, CUP, Coalicion Canaria, UPN eta EAJk kontra bozkatu dute.

Kongresua, artxiboko irudi batean

Diputatuen Kongresuak osoko bilkuran onartu du ostegun honetan Etxebizitza Eskubidearen aldeko lege proiektua. Besteak beste, gune tentsionatuetan alokairuen prezioa mugatzeko helburua du araudiak. Maiatzaren 28ko udal eta autonomia hauteskundeen aurrekanpaina betean, legea ika-mika politikorako tresna bihurtu da azken egunotan. 

Legea 176 baiezkorekin, 167 ezezkorekin eta abstentzio batekin atera da aurrera, hau da, PSOE, UP, ERC, EH Bildu, Mas Pais, Compromis eta Teruel Existe alderdien babesarekin, BNGren abstentzioarekin eta PP, Vox, Cs, Junts, PDeCAT, CUP, Coalicion Canaria, UPN eta EAJren kontrako botoekin.

Bozketaren aurretik, Kataluniako bi indar nazionalisten bozeramaileak ondoan zituela, Aitor Estebanek azpimarratu du ez dutela ulertzen "independentistak direla dioten bi indarrek Espainiako Gobernuari alfonbra gorria" jartzea berez erkidegoena den eskuduntza batean. 

Halaber, Estebanek uste du legeak ez duela balioko alokairuen prezio igoera "2024tik aurrera" geldiarazteko. Gaineratu duenez, EAJk arrazoi juridikoak eman ditu "eskumenen inbasioa" dagoela arrazoitzeko, eta beste alderdi batzuek, ostera, ez dute gezurtatu eta argudio juridikorik eman.

Lehen izapide horren ondotik, etxebizitza legea Senatura pasatuko da, eta Kongresura itzuliko da gero, maiatzean behin betiko onartzeko.

Legearen arabera, autonomia erkidegoek etxebizitza alorrean gune tentsionatuak zehaztu ahalko dituzte. Kasu hauetan izendatu ahalko dira eremu horiek: batetik, alokairuagatik ordaindutakoa (prezioa + oinarrizko gastuak) edo etxebizitza maileguaren prezioa familien batez besteko errenta baino % 30 handiagoa bada; bestetik, bost urtean etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioa KPIa baino bost puntu baino altuagoa bada. 

Gune tentsionatuetan, alokairuen prezioak kontratuaren eta jabetzaren arabera mugatuko dituzte. Muga % 3koa izango da gehienez datorren urte osoan. Gero, indize berri bat sortuko dute, betiere KPIaren azpitik.

Albisteak (2)