Itxi

EITB Focus

EAJ, gehiengo osoaren atarian Bizkaian

D. P. | eitb media

Leer en Castellano

Alderdi jeltzaleak eserleku bat gehiago lor lezake, eta horrek gehiengo osoa emango lioke, 40 urtean lehen aldiz.

EITB Focus

EAJk alde handiaz irabaziko lituzke Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeak hilaren 28an. Horrenbestez, Elixabete Etxanobe hautagai jeltzalea izango litzateke ahaldun nagusia, EITB Focus makroinkestaren arabera.

Alderdi jeltzaleak puntu bateko hazkundea izango luke bototan (% 43,5etik % 44,3ra pasatuko litzateke), eta 25-26 eserleku lortuko lituzke. Egun 25 ditu, eta hogeita seigarrena eskuratuko balu, gehiengo osoa bereganatuko luke, 40 urtean lehen aldiz.

EITB Focus

Bigarren lekuan, EH Bildu bi puntu haziko litzateke boto-portzentajean, % 21,8ra arte, eta 11-12 batzarkide lortuko lituzke, hau da, egun baino 1-2 gehiago.

PSE-EEk eutsi egingo lieke egungo 8 ordezkariei, baina 0,7 puntuko babesa galduta, % 15,9ra arte.

Elkarrekin koalizioaren kasuan, are sakonagoa izango litzateke jaitsiera: 4 eserleku jasoko lituzke, 2019an baino bi gutxiago.

Azkenik, PPk mantendu egingo lituzke bere bi ordezkariak.

EITB Focus

Metodologia 

EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.358 galdekatu dituzte. 

Inkestak apirilaren 26a eta maiatzaren 12a bitartean egin zituzten EAEn, eta maiatzaren 3a eta 11 bitartean Nafarroan. 

Konfiantza-mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.

PDF osoa: EITB Focus EAEko Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruz

PDF osoa: EITB Focus Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei buruz