EITB Focus
UPN izango litzateke lehen indarra Nafarroan, baina PSNk eutsi egingo lioke Gobernuari
D.P. | eitb media
Navarra Suma koalizioaren hausturak 1-2 eserleku galtzea ekarriko lioke eskuineko blokeari, eta baliteke UPNk eta PSNk parlamentari kopuru bera lortzea.
UPN izango litzateke alderdi bozkatuena Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, baina baliteke PSNk eserleku kopuru bera lortzea, EITB Focus makroinkestaren arabera.
Hori horrela, Navarra Suma koalizioaren hausturak 1-2 eserleku galtzea ekarriko lioke eskuinari, eta Alderdi Sozialistak Gobernuari eutsi ahalko lioke, betiere egungo formula berretsita.
EITB Focus
Hain zuzen ere, UPNk 12-13 eserleku izango lituzke. Duela lau urte, koalizioan aurkeztu zen PPrekin eta Ciudadanosekin, eta elkarrekin 20 lortu zituzten.
PSNk, bere aldetik, 11-12 parlamentari erdietsiko lituzke (11 ditu orain).
Hirugarren lekura EH Bildu igoko litzateke, Geroa Bai atzean utzita. Koalizio abertzaleak egun baino 1-2 ordezkari gehiago jasoko lituzke, hots, 8 edo 9.
Aitzitik, Geroa Bai laugarren postura jaitsiko litzateke, 9 eserleku izatetik, 7-8 izatera pasatuko litzatekeelako.
Urrunago, PPk 5 eskuratuko lituzke, Zurekin Nafarroa koalizioak bat gehiago lor lezake, hots, 3-4 aurreikusten dizkio inkestak, eta Vox 1-2rekin sartuko litzateke Parlamentuan.
Chivite, bigarrenez
Boto-emaileek EITB Focusek aurreikusitako joerak berretsiko balituzte, Maria Chivite PSNko hautagai eta Foru Gobernuaren egungo presidenteak bigarren agintaldia erdietsiko luke, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren babesarekin. EH Bilduren abstentzioa gehitzea nahikoa izango luke, izendapena bigarren bozketan eta gehiengo sinplez lortzeko.
D'hont Legearen banaketa-sistemak ez du gupidarik zatiketekin: UPNk, PPNk, Ciudadanosek eta Voxek azken hauteskundeetan baino boto gehiago batuko lituzkete, baina 1-2 eserleku galduta.
EITB Focus
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.358 galdekatu dituzte.
Inkestak apirilaren 26a eta maiatzaren 12a bitartean egin zituzten EAEn, eta maiatzaren 3a eta 11 bitartean Nafarroan.
Konfiantza-mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.
PDF osoa: EITB Focus EAEko Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruz
PDF osoa: EITB Focus Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei buruz