BATERAGUNE AUZIA
Auzitegi Konstituzionaleko Fiskaltza Bateragune auziko epaiketa errepikatzearen kontra agertu da
EITB MEDIA
Sei urteko espetxe zigorra bete zuten, baina 2018an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epaiketa bidegabea zela ebatzi zuen. Gorenak epaiketa errepikatu behar zela jakinarazi ondotik kontra agertu da gaur Konstituzio Auzitegiko Fiskaltza.
Konstituzio Auzitegiko Fiskaltza Bateragune auziko epaiketa errepikatzearen kontra agertu da, bihar Konstituzio Auzitegiko Berme Batzordea elkartu bezperan. Fiskaltzak dio auziko bost kondenatuentzat epaiketa errepikatzeak ez duela onurarik, eta aldiz, begibistako kalteak dituela.
Fiskaltzaren esanetan, "ius puniendi hori erabiltzean, Estatuak gaizki egin zuen, eta ez zuen zuzendu babes-demandatzaileek epaile inpartzial bat izateko zuten eskubidearen urraketa; izan ere, epaile inpartzial horrek, Estatuaren aurrean instantzia guztiak agortzeaz gain, ezarritako zigorrak erabat betearazi zizkien".
Sei urteko espetxe zigorra bete zuten Arnaldo Otegik, Rafa Díezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek, baina 2018an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epaiketa bidegabea zela ebatzi zuen. Gorenak epaiketa errepikatu behar zela jakinarazi ondotik kontra agertu da gaur Konstituzio Auzitegiko Fiskaltza.
Auzitegi Nazionalak berme guztiak bete ez zituela ebatzi zuen Estrasburgok, eta 2019ko otsailean epai irmoa argitara eman zuen. Angela Murillo magistratuaren lana ezbaian jarri zuen Europako Auzitegiak.