Itxi

M28

1.708.980 pertsona daude bozkatzera deituta EAEn, datorren igandeko udal hauteskundeetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

62.142 lagunek —2019ko bozetan baino % 4,7 gutxiagok— posta bidezko botoa eskatu dute.

Boto-emaile bat boza hautetsontzira sartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Guztira, 1.708.980 boto-emaile —duela lau urteko bozetan baino 8.400 lagun gutxiago— daude Euskal Autonomia Erkidegoko hautetsontzietara deituta datorren igandeko hauteskundeetan. 2.661 zinegotzi eta 153 prokuradore aukeratuko dituzte horietan.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok maiatzaren 28ko bozei begira egindako antolaketaren berri eman du gaur, asteartearekin. Foru hauteskundeen kasuan, aldundiei dagokie horiei buruzko datuak ezagutaraztea.

EAEn erroldatutakoek ez ezik, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan jatorria duten 6.534 pertsona daude hautetsontzietara deituta —orain dela lau urteko hauteskundeetan baino 202 gutxiago—.

Orotara, 718 hautesleku irekiko dituzte (340 Bizkaian, 277 Gipuzkoan eta 101 Araban). Horietan 2.694 mahai ezarriko dituzte (1.409 Bizkaian, 858 Gipuzkoan eta 427 Araban), eta 5.388 hautetsontzi egongo dira denera. Bestalde, 8.082 mahaiburu izendatu dituzte, eta 10.528 ordezko.

1.708.980 boto-emaileetatik 900.393 bizkaitarrak dira, 556.210 gipuzkoarrak eta 252.377 arabarrak. Hurrenez hurren, 1.244, 986 eta 431 zinegotzi aukeratuko dituzte Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban —112 lehenengoan, 88 bigarrenean eta 51 hirugarrenean—.

Bestalde, 62.142 lagunek —2019ko bozetan baino % 4,7 gutxiagok— posta bidezko botoa eskatu dute.

Itxasoren esanetan, "segurtasuna eta boto eskubidea bermatze aldera", 1.544 agente arituko dira lanean egun horretan.