Hauteskundeak
Igande honetako hauteskundeen ostean, ekainaren 17an osatuko dira udalak
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Parlamentua nahiz Arabako Batzar Nagusiak ekainaren 16an eratuko dira, Bizkaikoak 19an eta Gipuzkoakoak 21ean.
Igande honetako udal eta foru hauteskundeen ostean, datorren ekainaren 17an osatuko dira udalak. Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak (HAOLO) ezartzen duen bezala, igandean botoen behin-behineko zenbaketa ezagutu ostean, ekainaren 2tik 5era Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek (EHB) zenbaketa orokorra egingo dute. Hilaren 4an, erreklamazioak edo protestak egin ahal izango dituzte organo horretan hautagai-zerrendetako ordezkariek eta ahaldunek.
Ekainaren 6an, zenbaketa orokorraren ondoren, EHBen ebazpenaren aurkako errekurtsoak jarri ahal izango dira. Hurrengo egunean, espedientea eta txostena igorriko dizkio Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Batzorde Zentralari (HBZ).
Helegiterik balego, interesdunei entzun eta helegiteei buruzko ebazpena emango du ekainaren 11n HBZk, eta, ekainaren 4tik 12ra bitartean, Eskualdeko Batzarrek hautetsiak izendatuko dituzte. Uztailaren 7tik aurrera, udal hauteskundeen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuko dira, barrutika.
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, ekainaren 17an eratuko dira udalak, eta orduan hautatuko dira alkateak, hauteskundeekiko auzi-errekurtsorik ez badago. Hala bada, uztailaren 7an egingo da epaiketa hori.
Batzar Nagusiei dagokienez, hauteskundeen ostean, gutxienez batzarkideen heren batek akreditazioa jaso behar du, eta, hortik aurrera, Batzar Nagusiak osatzeko bilkura deituko da. Urrats hori bete ostean, ahaldun nagusia izendatzeko bilkura deitu ahal izango da.