Itxi

M28-KO HAUTESKUNDEAK

Kanpainako buruhausteak alde batera utzi dituzte hautagaiek hausnarketa-egunean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azken egunotan haien mezuak ozen zabaldu ondoren, kirola egiteko, senideekin egoteko edota atseden hartzeko baliatu dute eguna alderdi politikoetako hautagaiek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hauteskunde-kanpaina amaituta, beste zeregin batzuetan murgildu dira gaur zerrendaburuak, igande honetan (maiatzak 28) izango diren udal eta foru hauteskundeei begira beti ere. Hala, azken egunotan haien mezuak ozen zabaldu ondoren, kirola egiteko, senideekin egoteko edota atseden hartzeko baliatu dute hausnarketa-eguna. Izan ere, euren lana dela eta, sarritan alde batera utzi behar izan dituzte horietako gauza asko:

EAJ

Elixabete Etxanobe jeltzaleen Bizkaiko ahaldun nagusigaiak Urkiolan hasi du eguna, mendian ibilbide bat eginez, eta arratsaldean Amorebieta taldea animatzen izan da Lezaman, Bigarren Mailara igotzeko ahaleginean. Gipuzkoan, Eider Mendoza diputatu nagusi izateko EAJren hautagaia yoga klasera joan da lagunekin, eta haiekin gosaldu du. 

Araban, Ramiro Gonzalezek Mendoza herrixkan hasi du eguna, bere bizilekutik gertu paseo bat ematen. Erosketak egiteko eta senideekin jateko baliatu du larunbat goiza. Arratsaldean, Buesa Arenara joan da Baskoniaren partida ikustera.

Bestalde, Juan Mari Aburto EAJren Bilboko alkategaiak, kafe bat hartu du goizean goiz, bere ohiko tabernan. Ondoren, Deustuko Merkatuan erosketa batzuk egin ditu eta gainerako eguna senideekin igaro du.

Juan Mari Aburto, EAJren Bilboko alkategaia. Argazkia: EFE

Donostian, hauteskunde-kanpainan bere ondoan izan dituen lankideekin gosaldu du Eneko Goiak, eta Beatriz Artolazabalek, Gasteizko alkategaiak, erosketak egin ditu Zaramaga auzoan. Ondoren, bere kirol gogokoena egiteko aprobetxatu du (kayak-a), senideekin bildu aurretik.

Beatriz Artolazabal, erosketa batzuk egiten hausnarketa-egunean. Argazkia: EFE

Eneko Goia, EAJren Donostiako alkategaia. Argazkia: EFE

EH BILDU

Iker Casanova, EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaia, bere semearekin batera izan da gaur goizean Gernikan, Bizkaiko eskolarteko bertsolaritza txapelketan.

Bestalde, Maddalen Iriartek, EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak, hauteskunde-kanpainan lagun izan dituen alderdikideekin hamaiketakoa hartu du, Donostiako Hipika elkartean, Alde Zaharrean. "Hamaiketakoa prestatu dut azken asteetan alboan izan ditudan kide eta lagunei egindako lana eskertzeko. Jende zoragarria, aparta, ezinbestekoa. Ni ez nintzateke hemen egongo eta EH Bildu ez litzateke honaino iritsiko bere militantziagatik izango ez balitz. Eskerrik asko guztioi!", esan du Maddalen Iriartek Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Maddalen Iriarte, EH Bilduko alderdikideekin, hausnarketa-egunean. Argazkia: EFE

Eva Lopez de Arroyabek, berriz, familiartean gozatu nahi izan du egunaz, Arabako Uribarri herrian.

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaia ere familiarekin ibili da goizean, Ibarrekolandako jaietan, erraldoiak ikusten. Arratsaldean, Zorrotzako kultur ekitaldi batera joan da.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohi eta zerrendaburuak paseatzen igaro du goiza, eta erosketa batzuk egitera hurbildu da Antigua auzora.

Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkategaia, erosketak egiten. Argazkia: JuankarIzagirre

Rocio Vitero, Gasteizko alkategaia, ahizparekin gosaltzera joan da goizean goiz, eta, ondoren, lagunekin egon da. Horrez gain, bikote bat ere ezkontzea tokatu zaio.

Rocio Vitero ezkonberriak zoriontzen. Argazkia: EFE

PSE-EE

Sozialisten Bizkaiko ahaldun nagusigaiak, alegia, Teresa Laespadak, atseden hartu du goizean, eta senideekin igaro du eguna. Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai sozialistak, goizean goiz Tolosako frontoian bere alderdikideekin kafe bat hartu du, eta erosketak egitera joan da gero. Arratsaldean, amari bisita egin ondoren, bere lagunekin egon da.

Cristina Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiak, bere semeetako baten urtebetetzea ospatu du Lezan.

Nora Abete Bilboko alkategai sozialista korrika egitera atera da goizean eta, bere auzoan (Irala) erosketak egin ondoren, bera eta bere familia Bruselako lagun batzuekin elkartu dira, bazkaldu eta arratsaldea Kobetaseko garagardotegian igarotzeko asmoz. Ildo beretik, Marisol Garmendia Donostiako alkategaiak, bere lagunekin eta senideekin igaro du eguna. Arratsaldean Intxaurrondoko Salestarren eskolara joan da "The Wedding Singer" musikala ikustera. Maider Etxebarria Gasteizko alkategaiak, kirola egin du aurrena eta bikote bat ezkondu du eguerdian. Gainerako orduak familiarekin eta lagunekin igaro ditu, atseden hartzen.

Maider Etxebarria sozialista, korrika egiten hausnarketa-egunean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

ELKARREKIN PODEMOS

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemoseko koalizioaren ahaldun nagusigaia, Bergarara (Gipuzkoa) joan da, euskal kluben lineako hockey partida ikustera eta bertan bazkaldu du, jarduera horretan parte hartu duten beste familia batzuekin. Miren Echevestek, koalizioaren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak, "Saldremos mejores" ikuskizunaz gozatzeko aukera izan du Irungo Amaia KZ zentroan, bere alderdikideekin batera. David Rodriguez Arabako ahaldun nagusigaiak, berriz, mendian igaro du goiza, txakurrarekin eta familiarekin, eta gauean, futbola, Alavesen partida lagunez inguratuta.

Bitartean, Ana Viñals Bilboko alkategaiak lanean jarraitu du goizean, Elkarrekin Podemoseko beste ahaldunekin aurreikusitako bilera batean, Bilbon. Victor Lasa Donostiako alkategaia, senideekin paseo bat ematera irten da eta, aldi berean, Ondarretako ingurune naturalaz gozatzeko aukera izan du. Garbiñe Ruiz Gasteizko alkategaiak, berriz, bere ingurukoekin igaro du eguna.

PP

Halaber, Alderdi Popularreko kide gehienak kirola egiteko probestu dute hausnarketa-eguna. Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak gurasoen eta seme-alaben arteko futbol partida jokatuz hasi du eguna, eta gainerako orduak familiarekin igaro ditu. Mikel Lezama Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak "gimnasioko errutinari ekin dio berriro, etxea txukundu eta familiari kasu" egin ondoren. Arratsaldean, Stadium Galen izan da Irungo taldeari babesa ematen. Iñaki Oyarzabal Arabako zerrendaburuak txakurrarekin eta lagunekin paseatzen igaro du goiza, eta, gainerako hautagaiek bezala, senideekin bazkaldu du.

Borja Corominas Donostiako Udalerako zerrendaburuak familiarekin atseden hartu du goizean, eta arratsaldean hockey-taldea animatzen izan da.

Ainhoa Domaica Arabako hiriburuko alkategaiak, familiarekin igaro du eguna, goizean goiz erosketa batzuk egin ondoren.

NAFARROA

Foru Erkidegoan, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiek ere haien familia eta lagunekin igaroko dute eguna. Testuinguru horretan, Javier Esparzak (UPN) korrika egiten hasi du eguna, eta ondoren lagunekin bazkaldu du. Bestalde, Maria Chivitek (PSN) egun "lasaia" igaro du Iruñean, kirola egiten eta kultur jarduerekin gozatzen. Era berean, Uxue Barkosek (Geroa Bai) atseden hartzeko baliatu du hausnarketa-eguna, eta ingurukoekin bazkaldu du. Laura Aznalek (EH Bildu) ere indarrak hartu ditu hauteskunde gauari begira, Arren, bere herrian. Begoña Alfaroren (Contigo Navarra) kasuan ere, gaurko plana gainerako hautagaien antzekoa da, familiarekin bazkaldu baitu eta egunaz gozatu.

Iruñeko alkategaiek gauza bera egin dute. Horrela, Joseba Asiron (EH Bildu) Alde Zaharrean murgildu da bere lagunekin. Elma Saiz sozialistak bere familiarekin igaro du eguna, eta Koldo Martinezek (Geroa Bai) erosketa batzuk egin ditu goizean. Hain zuzen ere, Iruñeko Alde Zaharrean elkartu dira Asiron eta Martinez eta elkarrekin argazkia atera eta Twitterrera igo dute:

Carlos Garcia Adanerok (PP) lagunekin bazkaldu du, eta Txema Mauleonek (Zurekin Nafarroa), berriz, Alde Zaharreko erraldoiez gozatu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)