M28
UPNk irabazi ditu hauteskundeak Nafarroan, baina Maria Chivitek orain arteko formulari eutsi ahalko dio
Agurtzane Aramendi | EITB Media
UPN izan da Foru Erkidegoan bozkatuena (15 hautetsi). Atzetik geratu dira PSN (11), EH Bildu (9), Geroa Bai (7), PP (3), Zurekin Nafarroa (3) eta Vox (2).
UPNk irabazi ditu Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak maiatzaren 28 honetan. Javier Esparza buru duen zerrendak botoen % 28 eta 15 eserleku lortu ditu. Duela lau urte, alderdi erregionalista koalizioan aurkeztu zen PP eta Ciudadanosekin batera, eta 20 parlamentari eskuratu zituzten hiruren artean.
Bigarren indarra PSN izan da foru hauteskundeetan. Maria Chivite buru duen alderdiak bozen % 21 eta 11 ordezkari lortu ditu.
Ondoren, EH Bildu da hirugarren indarra Nafarroan, botoen % 16rekin; 9 ordezkari izango ditu Nafarroako Parlamentuan, aurreko legegintzaldian baino 2 gehiago.
Segidan dator Geroa Bai: bozen % 13 eta 7 eserleku lortu ditu. Aurreko legegintzaldiarekin alderatuta, 2 ordezkari galdu ditu Uxue Barkos buru duen indarrak.
Hurrengoa, Alderdi Popularra izan da, bozen % 7 eta 3 eserleku lortuta.
Ezkerreko hainbat alderdi biltzen dituen Zurekin Nafarroa koalizioak, bere aldetik, botoen % 6 lortu ditu; 3 jarleku izango ditu Parlamentuan, aurreko legegintzaldian adina.
Azkenik, Vox alderdi ultraeskuindarrak Nafarroako Parlamentura sartzea lortu du, bozen % 4 eta 2 eserleku bereganatu baititu.
Parte-hartzea % 67,6koa izan da, 2019an baino lau puntu txikiagoa.
Beste behin, akordioak beharko dira Nafarroako Gobernua osatzeko, alderdi guztiak gehiengo absolututik (26) urruti xamar gelditu baitira. Hala ere, Maria Chivite hautagai sozialistak aukeran du berriz ere Nafarroako presidente izatea. Horretarako, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa koalizioen babesa eta EH Bilduren abstentzioa beharko lituzke.