M28
Vitero (EH Bildu) nagusitu da Gasteizen
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Maider Etxebarriak (PSE-EE), Ainhoa Domaicak (PP) eta Beatriz Artolazabalek (EAJ) seina zinegotzi eskuratu dituzte, baina botoen portzentajeari erreparatuta, EAJ laugarren indarra da. Elkarrekin Podemosek 2 zinegotzi izango ditu, bat galduta.
Rocio Vitero EH Bilduko alkategaiak irabazi ditu bozkak Gasteizen, 7 zinegotzirekin. Horrenbestez, botoen % 100 zenbatuta daudela, koalizio subiranistak aurrea hartu dio EAJri —laugarren indarra da orain—. PSE-EE da bigarren indar bozkatuena, sei ordezkarirekin. Zinegotzi kopuruan berdinduta daude PSE-EE, PP eta EAJ, baina popularrek jeltzaleek baino boto gehiago jaso dituzte, eta ordezkari bat irabazi dute (5 zituen lehen, 6 orain). Elkarrekin Podemosek 2 ordezkari eskuratu ditu, bat galduta.
Koalizio abertzaleak garaipen historikoa lortu du, botoen % 22,8 jasota, 2019an baino bi puntu gehiago, eta 2019an baino ordezkari bat gehiago eskuratu du.
Maider Etxebarria sozialista da bigarren, boto portzentajean EH Bilduk baino puntu bat gutxiago eskuratuta (% 21,9) —936 boto eskaseko tartea dago bien artean—, baina sei ordezkari izango ditu (2019ko kopuru bera).
Ainhoa Domaicak (PP) aurrea hartu dio EAJri, eta hirugarren indar bozkatuena da, 6 zinegotzirekin (+1), botoen % 20 lortuta —duela lau urteko emaitzekin alderatuta, bi puntu egin du gora—.
EAJ laugarren izatera pasatu da, eta zinegotzi bat gutxiago izango du (6). Beatriz Artolazabal hautagaiak botoen % 19,68 eskuratu ditu, Urtaranek duela lau urte lortutakoak baino lau puntu gutxiago. Azpimarratzekoa da PPrekin 400 botoko aldea baino ez duela izan.
Elkarrekin Podemosek, Garbiñe Ruiz hautagaiarekin, zinegotzi bat galdu du, 3tik 2ra igarota (botoen % 7,1). 2019ko emaitzekin erkatuta, 4.000 boz galdu ditu koalizio moreak.
Parte-hartzea % 58,12koa izan da, 2019an baino bost puntu txikiagoa.