Itxi

M28

EAJ izan da lehen indarra Donostian, EH Bildu puntu eskasera duela

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EAJk bederatzi eserleku eskuratu ditu, bat gutxiago, eta EH Bilduk zortzi, bi gehiago. PSE-EEk eta PPk egungo ordezkaritzari eutsi diote, bost eta hiru zinegotzirekin, hurrenez hurren, eta Elkarrekinek bi ordezkari lortu ditu, bat gutxiago. Parte-hartzea % 59,9koa izan da, bost puntu txikiagoa.

EAJk irabazi ditu Donostiako udal hauteskundeak, baina alde txikia atera dio bigarren indarrari, EH Bilduri. Eneko Goia egungo alkate jeltzaleak bederatzi zinegotzi lortu ditu, botoen % 27,96 eskuratuta, 2019an baino bat gutxiago.

Ia puntu eskasera, bigarren lekuan, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko hautagaia geratu da, botoen % 26,73rekin; ezker abertzaleko koalizioak zortzi zinegotzi lortu ditu, aurreko legealdian baino bi gehiago. 

Sozialistek hirugarren lekuari eutsi diote, eta Marisol Garmendiaren hautagaitzak botoen % 18,57 bereganatu ditu. Horrela, PSE-EEk egungo bost ordezkariei eutsiko die.

PPk ere, egun dituen zinegotzi kopuruari eutsi dio, eta Borja Corominas buru duen zerrendak hiru ordezkari izango ditu Donostiako Udalean. Botoen % 12,08 eskuratu dituzte popularrek.

Azkenik, Elkarrekin koalizioak (Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Berdeak Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioak) ordezkari bat galdu du, eta Victor Lasaren hautagaitzak bi zinegotzi izango ditu, botoen % 8 jasota.

Parte-hartzea % 59,9koa izan da, bost puntu txikiagoa.