Negoziazioa Iruñean
Asironek "indar aurrerakoi bozkatuena alkatetzara eramaten ez duten bideak" baztertu ditu
Agentziak | EITB Media
"Hautetsontziek EH Bilduri eman dioten tokia ukatzen duten proposamenek eskuineko gobernuak baino ez dakartzate berekin", esan du Iruñeko alkategaiak.
Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak baztertu egin ditu "indar progresista bozkatuena alkatetzara eramateko oinarrizko printzipio demokratikoa" errespetatzen ez duten bideak, "hautetsontziek EH Bilduri eman dioten tokia ukatzen duten proposamenek eskuineko gobernuak baino ez dakartzatelako".
Asironek prentsaurrekoa eman du Elma Saiz hautagai sozialistak EH Bilduk PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren gobernua babesteko aukeraren inguruan adierazpenak egin ostean. Azaldu duenez, "bide horiek ez daude eta ez dira mahai gainean egongo".
Koalizioko hautagaiak jakinarazi du dagoeneko hasi direla udal gobernu aurrerakoia osatzeko harremanak. "Iruñeak bere historiako udalbatzarik aurrerakoiena izango du, inork ez luke ulertuko gobernua eskuinaren esku uztea. Norbaitek tentaldia badu, herritarrei begietara begiratu eta azaldu beharko die zergatik beste erakundeentzat ona dena ez den ona Iruñearentzat. Ez dut uste alderdiaren oinarriek ere sinesten dutenik", adierazi du.
Asironek nabarmendu du azken lau urteetan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNk erakutsi dutela oposiziotik akordioak lor daitezkeela eta eskuzabaltasunez joka dezaketela, "ekimenen % 95 hiruren artean onartu baitituzte".
Alkate ohiak ez du argitu nahi izan zer gertatuko den Nafarroako Gobernuan PSNk Iruñeko alkate izateko babesa ematen ez badio, baina "ez du zentzurik Iruñeko herritarren % 27 baztertzeak, EH Bilduri eman baitiote botoa", erantsi du.
Gutxieneko programa
Asironek "gutxieneko programa bat" proposatu du, alderdi aurrerakoi guztiak ados jarriko dituena gobernu bat osatzeko, eta gaineratu du Iruñea "hiri anitza" dela eta alderdi aurrerakoien sentsibilitate guztiei exekutiboaren ateak irekiko dizkiela.