Elkarrizketa Radio Euskadin
Iruñeko, Gipuzkoako edo Gasteizko "bloke aurrerakoiaren lidergoa" errespetatzea eskatu du Otegik
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren aburuz, "eskandalagarria" da EAJ eta PSE-EE koalizio abertzalearen kontrako "aliantza santu" bat osatzen ibiltzea, "norekin eta Alderdi Popularrarekin".
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak dei egin die jeltzaleei, sozialistei eta Podemosi "itun anitzak" lortzeko, eta EH Bilduk Iruñean, Gipuzkoan edo Gasteizen eta PSNk Nafarroan duten "bloke aurrerakoiaren lidergoa" errespetatzeko. Era berean, salatu du EAJ eta PSE-EE koalizio abertzalearen kontrako "aliantza santu" bat osatzen ari direla, "norekin eta Alderdi Popularrarekin".
Bi alderdioi zuzendu zaie Otegi Radio Euskadiren "Boulevard" saioan eskaini duen elkarrizketa batean, eta galdera bota die: "Kapaz izango al zarete EH Bilduri Durangoko Alkatetza edo Gipuzkoako Aldundia kentzeko Ayusoren edo Miguel Angel Rodriguezen PPrekin? Egin ezazue eta azaldu ezazue". Izan ere, gogorarazi duenez, duela lau urte Pasaian, Andoainen, Soraluzen eta Alonsotegin koalizio subiranistak irabazi arren, "PSE-EEk eta EAJk alkatetzak kendu zizkiguten. Ba hara, oraingoan gehiengo absolutua dugu. Jendeak gogoan hartzen ditu halakoak".
Buruzagi subiranistaren hitzetan, igandeko hauteskundeak "inflexio puntua" izan ziren, eta "gainerakoei errua botatzen dien hori oker" dabilela azpimarratu du. "Herria aldatu egin da. XIX. mendeko politikak egiten jarraitzeak ez du funtzionatuko. Zuk ezin dituzu eman lau urte EH Bildurekin aurrekontuak onartzen, eta gero esan EH Bildu gustuko ez duzula. Politikaren izen ona zikintzea da, eta abstentzio tasa kezkagarriak eragiten ditu", adierazi du PSNren jarrera ahotan hartuta.
Horren harira, berretsi du koalizioak ez diola utziko eskuinari gobernatzen —"gure printzipioak dira", argudiatu du— baina "Nafarroarekin zer gertatzen den" ikusteko dagoela ere aipatu du. "Baten bat gauzak zailtzen eta gure jarrera publikoki zigortzen aritzen bada, hitz egingo dugu, baina berez hori da gure jarrera", adierazi du.
Iruñeko Alkatetza hizpide hartuta, argitu du ez diotela Asiron alkate bihurtzeko aukerari muzin egingo. Elma Saizek atzo iragarri zuenez, ez du Asironen edo Ibarrolaren (UPN) alde egingo, eta bere burua aurkeztuko du hautagai. Horren harira, honakoa bota du Otegik: "PSN hauteskunde kutsuko kalkuluak egiten ari da, baina jendeak badaki batuketak egiten: PSNk bost ordezkari ditu, eta Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin zortzi dira. Guk zortzi ditugu". EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, hiru indarrok izango lirateke erregionalistak Iruñeko Alkatetza lortzearen arduradun.
Azkenik, azpimarratu du, duela lau urte bezala, "Alderdi Popularrari ateak itxiko" dizkiotela Arabako Errioxan EAJk bere hautagaitza aurkezten badu —popularrek irabazi zuten Guardian eta Labastidan, baina EH Bilduk alkategai jeltzalearen alde bozkatu zuen—.