M28 HAUTESKUNDEAK
Koldo Mediavilla: "Ez daukagu akordiorik PPrekin, ez publikoan ezta pribatuan ere; akordioa EAJ-PSE da"
EITB MEDIA
EBBko arduradun instituzionalak PPrekin akordiorik ez dutela berretsi du baina "elkarrizketa bai", "beste guztiekin bezala", esan du. EH Bilduk "besteengan bakarrik" ikusten dituela arazoak ere gehitu du.
Radio Euskadiko Ganbara saioan elkarrizketatuta, Koldo Mediavilla Euzkadi Buru Batzarreko arduradun instituzionalak argi utzi nahi izan du ez dutela akordiorik Alderdi Popularrarekin: "Ez daukagu akordiorik PPrekin, ez publikoan ezta pribatuan ere,batzuk hori zabaldu nahian ari badira ere. Akordioa bitara da, EAJren eta PSEren artekoa bakarrik eta hori garatuko dugu hiru lurraldeetan".
Hori bai, "elkarrizketetan" ari direla popularrekin gehitu du, "alderdi guztiekin bezala". Laguardia eta Labastidako alkatetzei dagokienez, -PP izan da bozkatuena-, ez du argitu EAJk hautagaitza aurkeztuko duen ala ala: "Araba Buru Batzarrak erabakiko du".
Bestalde, zerrenda bozkatuena izan den lekuetan, EH Bilduri agintea kentzeko, "akordio baztertzaileak" egin izana egotzi zion koalizio independentistak EAJri, eta hori ere kritikatu du Mediavillak: "legezkotasun falta besteetan baino ez dute ikusten". "Duela lau urte haiek gauza bera egin zuten Arrigorriagan, Galdakaon edo Durangon, legezkotasun berdinarekin. Orain Iruñeko udaletxean ere egin dute, eta horretan ez dute arazorik ikusten".
M28ko emaitzen inguruan autokritika ere egin du Mediavillak. "Hainbat baldintzen ondorioa izan da", adierazi du. "Batetik, gobernuan dagoen alderdi politikoarekiko nekea egon da; orain arte hori ekiditen lortu dugu, baina azken bi hauteskundeetan jarraian boto-fideltasun horretan galera izan dugu orohar herrialde osoan", esan du; "eta bestetik, azken urteetan izandako arazo sozialak" aipatu ditu, hala nola, pandemia, krisi social eta ekonomikoa edo Ukrainako guerra.