Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Iturgaiz: "Ez dugu txeke zuririk emango, irabazi dugun erakundeetan agintzeko aukerarik ez badugu"

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Iturgaizek berretsi du, sozialistei eta jeltzaileei bide emateko asmoarekin, EH Bildu erakundeetatik botatzen badute, zentzuzkoena litzatekeela popularrek ere aukera izatea irabazi duten tokietan gobernatzeko. "Horrela ez balitz, gogoan hartuko genuke", azpimarratu du.

EAEko PPren presidente Carlos Iturgaiz. Argazkia: EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoko PPren presidente Carlos Iturgaizek maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak aztertu eta balizko itunen inguruan hitz egin du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur, asteazkenarekin. Besteak beste, oraindik alkatetza noren esku geratuko den argitu gabe duten Guardia eta Bastidako udalen aferaz mintzatu da.

"Erakundeen egonkortzean ez dugu txeke zuririk emango, irabazi dugun tokietan agintzeko aukerarik ez badugu", nabarmendu du aipatu bi udalerriei dagokienez.

"Euskal gizarteak ez du EAJren eta PSE-EEren arteko ituna blindatu nahi, alegia, estrategia politiko berriak nahi ditu. EAJk jakin badaki guk dugula EH Bilduri atea ixteko giltza, eta horixe egingo dugu aukera dugun guztietan", adierazi du.

Koalizio abertzaleari ateaz aurpegian emango diotela argi utzita, Iturgaizek berretsi du, sozialistei eta jeltzaileei bide emateko asmoarekin, EH Bildu erakundeetatik botatzen badute, zentzuzkoena litzatekeela popularrek ere aukera izatea irabazi duten tokietan gobernatzeko. "Horrela ez balitz, gogoan hartuko genuke", azpimarratu du.

Testuinguru horretan, bi kontutan jarri du arreta, bereziki: EH Bildu erakundeetatik ateraraztean eta egonkortasuna bermatzean. "Batzuetan nola edo hala egin behar da, zalditik astora eginda", erantsi du.

Azkenik, Ertzaintzaren inguruan sortutako zurrunbiloaz egin du berba. Iritzi dio Eusko Jaurlaritzak autokritika egin beharko lukeela, "EAJren kudeaketa oso txarra delako, baina beti besteei botatzen dielako gertatzen denaren errua".