Itxi

U23

Podemosek oinarrien kontsulta itxi du, eta laster jakingo da Sumarrekin batera aurkeztuko diren ala ez

EITB Media

Leer en Castellano

Proiektu berrian sartzeari buruz erabakitzeko boterea izango duen edo ez galdetu die zuzendaritzak onarriei. Epea agortzear denean hartuko dute erabakia; izan ere, hauteskunde orokorretara aurkeztuko diren koalizioak erregistratzeko epea gaur bertan amaituko da.

Irene Montero, Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa, Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

Podemosek bere militantziari egindako kontsulta itxi du, eta laster jakingo da Sumarrekin batera aurkeztuko diren uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan, edo bakoitza bere aldetik joango den. Epea agortzear denean hartuko dute erabakia; izan ere, hauteskunde orokorretara aurkeztuko diren koalizioak erregistratzeko epea gaur bertan amaitzen da, gauerdian.

Kontsulta telematikoa 10:00etan amaitu da, eta onarriei galdetu diete ea zuzendaritzak proiektu berrian sartzeari buruz erabakitzeko boterea izango duen edo ez, honako galdera honen bitartez: Onartzen al duzu Podemoseko Koordinazio Kontseiluak, Herritarren Kontseiluak ezarritako batasunaren irizpideari jarraituz, Sumarrekin negoziatzea eta, hala badagokio, Podemosen eta Sumarren arteko hauteskunde-aliantza adostea?

Zehazki, Podemoseko 52.829 militantek eman dute botoa. Alderdi moreak egindako aurreko kontsultarekin alderatuta, antzeko boto-kopurua izan dute oraingoan ere. Pablo Iglesiasek alderdia utzi zuenean, Ione Belarra Eskubide Sozialen ministroa Podemoseko arduradun gisa izendatzeko kontsultan 53.500 boto zenbatu zituzten. Gauzak horrela, laster jakingo da alderdi moreak zer erabaki duen eta azkenean Yolanda Diazen proiektuarekin ados jarri ahal izango diren ala ez.

Podemosek negoziazio mahaian proposatu du Valentzian bakarrik aurkezteko aukera, Compromisekin akordioa lortzeko zailtasunen aurrean, eta Espainiako gainerako erkidegoetan ezkerreko fronte zabalean parte hartzea. Sumarrek, ordea, ez du Podemosen proposamena onartu.

Hainbat lurralde zuzendaritzek presio publikoa egin dute azken orduetan Podemosek Sumarrekin akordio bat lor dezan; izan ere, moreak hauteskunde orokorretara bakarrik aurkeztuz gero porrota jasotzeko beldur dira.

Sumar koalizioan parte hartzeko interesa duten indarrekin egiten ari diren negoziazioetan, alderdi bakoitzak izan beharko duen pisua, zerrenden izenak, alderdi bakoitzaren lurralde-boterea eta bakoitzaren marka boto-orrian agertu ala ez eta programaren prestaketa aztertzen ari dira.

Era berean, alderdi bakoitzak Kongresuko talde parlamentarioaren barruan autonomia izango ote duen, bi ganberetako taldeen egiturak nolakoak izango diren eta dirulaguntza publikoak nola banatuko dituzten adosten ari dira.

Dagoeneko Batzarre, Mas Madrid, Izquierda Unida, Chunta Aragonesista, Equo-Berdeak, Proyecto Drago de Canarias, Iniciativa del Pueblo Andaluz eta AraMes alderdi eta koalizioek oniritzia eman diote batasunari.