U23
Posta bidez bozkatzeko epea uztailaren 20ra arte luzatu du Hauteskunde Batzordeak
EITB Media
Orain arte, hilaren 13ra arte zegoen aukera. Correosek, baina, epea zabaltzea eskatu zuen, eta orain zazpi egun gehiago izango dituzte boto-emaileek. Halaber, mahaiak osatzeko zozketak ekainaren 22tik aurrera egin ahalko dituzte udalek, ezarrita zegoena baino bi egun arinagotik.
Hauteskunde Batzorde Zentralak, Correos Espainiako Posta eta Telegrafoen Sozietateak egindako eskaerari men eginda, uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan posta bidez bozkatzeko epea luzatzea erabaki du, eta hala, uztailaren 20ra arte egongo da aukera, aurrez ezarritakoa baino zazpi egun gehiago.
Hala iragarri du, ohar bidez, hauteskunde erakundeak Correosek bidalitako txostena aztertu ostean. Denbora tarte horretan, ohiko ordutegian izango dira zabalik posta bulegoak. Batzordearen hitzetan, "Correosek zaintza areagotu beharko du gutunazalak hauteskunde mahaietara, garaiz, bozken egunerako hel daitezen".
Era berean, udalei hauteskunde mahaiak osatzeko zozketak egiteko data aurreratu die: ekainaren 22tik aurrera egin ahalko dira, hilaren 28ra arte.
Hauteskundeen aurrerapenak uda sasoiko oporraldiarekin egiten du bat aurten, eta espero da posta bidezko botoa asko haztea. Correosek iragarri du 12.000 langile kontratatuko dituela eskubidea bermatu ahal izateko.