Itxi

U23

Podemoseko militanteen % 92,92k begi onez ikusten dute zuzendaritzak Sumarrekin negoziatzea

EITB Media

Zehazki, 52.829 militantek eman dute botoa kontsultan, eta 49.089 (% 92,92) alde eta 3.568 (% 6,75) aurka agertu dira. Halaber, 172k (% 0,33) boto zuria eman dute.

Ione Belarra (Podemos) eta Yolanda Diaz (Sumar). Irudia: EITB Media

Podemoseko militanteen % 92,92k begi onez ikusten dute zuzendaritzak Sumarrekin negoziatzea, eta, ondorioz, uztailaren 23ko hauteskunde orokorretara koalizioan aurkezteko aukera izango dute bi alderdiek, epea amaitu aurretik akordioa lortzen badute betiere. Hauteskunde orokorretara aurkeztuko diren koalizioak erregistratzeko epea gaur bertan amaitzen da, gauerdian.

Zehazki, 52.829 militantek eman dute botoa kontsultan, eta 49.089 (% 92,92) negoziazioen alde agertu dira, eta 3.568 (% 6,75) aurka. Halaber, 172k (% 0,33) boto zuria eman dute. Testuinguru horretan, alderdi moreko militanteek Yolanda Diazen plataformarekin negoziatzen jarraitzeko eta horrekin balizko akordio bat ixteko baimena eman diote zuzendaritzari.

Hain zuzen ere, proiektu berrian sartzeari buruz erabakitzeko boterea duen edo ez galdetu die zuzendaritzak oinarriei, honako galdera honen bitartez: Onartzen al duzu Podemoseko Koordinazio Kontseiluak, Herritarren Kontseiluak ezarritako batasunaren irizpideari jarraituz, Sumarrekin negoziatzea eta, hala badagokio, Podemosen eta Sumarren arteko hauteskunde-aliantza adostea? Kontsulta telematikoa 10:00etan amaitu da, hauteskunde orokorretara aurkeztuko diren koalizioak erregistratzeko epea amaitzen den egun berean, hain zuzen ere.

Orain, Podemoseko Koordinazio Kontseiluak (25 kidek osatzen dute) eta Idazkaritza Nagusiak izango dute azken hitza, horiek erabakiko baitute Sumarrekin eta beste hamabost bat indar aurrerakoirekin bat egingo ote duten edo ez. Esan bezala, gaur bertan hartu behar dute erabakia, gauerdian amaitzen baita koalizioak aurkezteko epea. Hainbat lurralde zuzendaritzak presio publikoa egin dute azken orduetan Podemosek Sumarrekin akordio bat lor dezan; izan ere, hauteskundeetara bakarrik aurkeztuz gero porrota jasotzeko beldur dira moreak.

Ondorengo alderdiek akordioa itxi dute jada Yolanda Diazen plataformarekin: Drago Canarias, Iniciativa del Pueblo Andaluz, Batzarre, Chunta Aragonesista, Equo Berdeak, Ara Mes eta Compromis. Gainera, Ezker Anitza-IU eta En Comu Podem alderdiak ere Sumar koalizioan aurkeztuko direla aurreikusten da. Mas Madridek, asteazkenean hartu zuen koalizioan aurkezteko erabakia, osoko bilkuran, baina baldintzak jarrita; bere marka errespetatzea eta maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak errespetatzea koalizioaren zerrendetan.

Bien bitartean, Podemosek argi utzi du Valentzian bera bakarrik aurkezteko asmoa duela, baina gainerako autonomia-erkidegoetan koalizioan aurkezteko prest agertu da. Yolanda Diazen plataformak, aldiz, baztertu egin du aukera hori, ez dela aintzat hartzen ebatzi baitu. Desadostasuna sortzen duen beste gaietako bat da Irene Monteroren hautagaitza; izan ere, zenbait eragilek ez dute Sumarren zerrendetan agertzea nahi.

Sumarren boto-paperetan Yolanda Diazen irudia jarriko dute

Sumar koalizio aurrerakoiaren boto-paperetan, Yolanda Diazen irudi bat jarriko dute. Bere garaian Podemosen erabili zuten estrategia bera da, 2014ko Europako hauteskundeetan Pablo Iglesiasen irudia erabili baitzuten.

Gerora, Iñigo Errejonek estrategia bera erabili zuen, Mas Paiseko zerrendaburu zela, 2019ko azaroko hauteskunde orokorretan. Urte bereko maiatzean, Madrilgo Udalerako eta autonomia erkidegorako hauteskundeetan, boto-paperetan Manuela Carmenaren eta Errejonen irudia agertu zen, alderdiaren logotipoaren ordez, bien hautagaitza errazago identifikatzeko.

Albisteak (3)