DE MIGUEL AUZIA
Auzitegi medikuaren txostenak Aitor Telleria ez espetxeratzeko gomendatzen du
EITB Media
EITBk jakin duenez, txostenak hitzez hitz dio Telleriak hainbat gaixotasun larri dituela eta, ondorioz, ez dela batere gomendagarria kartzelan sartzea.
De Miguel auziari lotuta, auzitegi medikuaren txostenak Aitor Telleria ez espetxeratzeko aholkatu du, EITBk baieztatu duenez. De Miguel auzian zigortutakoen artetik kartzelan sartzeko falta den hiru pertsonetako bat da.
Dokumentuak hitzez hitz dio Telleriak hainbat gaixotasun larri dituela, eta, ondorioz, ez dela batere gomendagarria kartzelan sartzea.
Txostenaren berri jasotakoan, Arabako Probintzia Auzitegiak erabaki beharko du Aitor Telleria kartzelara bidali ala ez. Auzitegi Gorenak bost urte eta hilabete bateko zigorra ezarri zion Telleriari.
Espetxe zigorrak dituzten kondenatuen artetik kartzelan sartzeko falta diren beste biak Alfredo de Miguel (12 urte eta 4 hilabete), Arabako EAJren "bigarrena" eta foru diputatua izandakoa, eta Koldo Otxandiano (7 urte eta sei hilabete) jeltzalea dira.
Hirurek gaixotasunak dituztela argudiatu dute espetxea saihesteko, eta horren aurrean auzitegi medikuari txostenak eskatu zizkion Arabako Probintzia Auzitegiak. Ezagutu den lehen txostena Telleriarena izan da.