AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Bidenen gobernu "ustelaren" jazarpena jasaten ari dela salatu du Trumpek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AEBko presidente ohiak Miamiko auzitegi federalaren aurrean agerraldia egin du, Etxe Zuria utzi eta gero Floridako bere etxean dokumentu sailkatuak atxiki eta ezkutatzea egotzita. Ondoren, New Jerseyn eginiko mitin batean esan du bere inputazioa distrakziorako baliatu dutela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joe Biden buru duen AEBko Gobernu "ustela" bera jazartzen ari dela salatu du Donald Trump AEBko presidente ohiak, eta gaineratu du bere aurkako 37 kargu federalak "benetako espioitzatik eta krimenetik distraitzeko" direla.
Trump Miamiko epaile federal batean aurrera joan da atzo, Etxe Zuria utzi ostean Floridako bere etxean dokumentu sekretuak atxiki eta ezkutatzeagatik inputatu eta deklaratzera deitu ostean. Bere aurkako 37 kargu federalen "erruduna ez" dela adierazi du Trumpek epailearen aurrean.
Ondoren, New Jerseyra joan da, eta 2024ko presidentetzarako hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean parte hartu du.
Agintari ohiak bere jarraitzaileen aurrean egindako mitinean adierazi duenez, Biden "AEBko presidente ustelena" izateagatik eta "demokrazia suntsitzen" saiatzeagatik gogoratuko dute.
"Hillary Clintonek legea urratu zuen eta ez zuten akusatu. Joe Bidenek legea urratu zuen, eta orain arte ez dute akusatu. Nik dena ondo egin nuen eta akusatu egin ninduten", adierazi du Trumpek. Gainera, 2024ko hauteskundeak irabaziz gero, Joe Biden egungo agintaria ikertzeko fiskal berezi bat izendatuko duela agindu du.