Itxi

XI. LEGEALDIA

Nafarroako Parlamentuak abiatu du legealdi berria, Unai Hualde presidente berrautatuta

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Geroa Baiko hautagaiaren hautagaitzak aldeko 30 boto jaso ditu. Iñaki Uriarte UPNk Nafarroako Parlamentuaren presidente izateko proposatu duen hautagaiak, berriz, 18.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nafarroako Parlamentuak abiatu du XI. legealdia. Aurreikusitakoa bete da, eta Unai Hualde (Geroa Bai) berrautatu dute Foru Ganberako presidente. PSNko, Geroa Baiko, EH Bilduko eta Zurekin Nafarroako ordezkarien botoak jaso ditu. Orotara, 30.

UPNk, bere aldetik, Iñaki Iriarte aurkeztu du Parlamentuko presidente kargurako, eta bere alderdikideen eta PPNko ordezkarien babesa eskuratu du. Aldeko 18 boto, guztira. Voxeko bi parlamentariek boto zuria eman dute.

Behin presidentea izendatuta, Mahaia osatuko duten bi presidentegaiak eta bi idazkariak aukeratu dituzte. Hala, Ainhoa Unzu sozialista hautatu dute lehen presidenteorde, eta Juan Luis Sanchez de Muniain UPNko kidea bigarren. Idazkari lehena eta bigarrena, berriz, UPNko Yolanda Ibañez eta EH Bilduko Mikel Zabaleta izango dira, hurrenez hurren.

11:00etan hasi da saioa, eta araudiari jarraituta, Voxeko Emilio Jimenezi egokitu zaio gidari-lanak egitea, bera delako parlamentari zaharrena. Idazkari lanetan, berriz, bi gazteenak aritu dira: PSNko Kevin Lucero eta EH Bilduko Irati Jimenez.

50 parlamentarik osatzen dute Nafarroako Parlamentua, eta zazpi talde ditu: UPN (15 parlamentari), PSN (11), EH Bildu (9) Geroa Bai (7), PP (3), Zurekin Nafarroa (3) eta Vox (2). Azken horiek, 3 ordezkari baino gutxiago dituztenez, Talde Mistoan egongo dira.

Hualderen presidentetza Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan adostu zuten PSNk eta Geroa Baik.

Presidente berrautatu ondorengo lehen hitzak euskaraz egin ditu Hualdek, eta nabarmendu du ohorea izango dela legealdi honetan ere "Nafarroako bi hizkuntzetan" egitea bere lana Nafarroakoa Parlamentuan. Ordezkari guztiei eskerrak eman ondoren, Mahaiaren osaketarekin pozik agertu da, "anitza" delako eta "gehiengo aurrerakoia" duelako. Abiatu den legealdian, eskubide sozialetan eta nafarren aniztasunaren aitortzan aurrera egitea espero duela adierazi du.

Inbestidura

Parlamentua eratuta, presidente izendatu berriak hamar eguneko epea izango du taldeetako eledunekin batzartu eta Nafarroako Gobernuko presidentegaia proposatzeko. Hauteskundeak (maiatzak 28) izan eta hiru hilabetera presidentegairik ez balego edota aurkeztutakoetako inor hautatuko ez balute, Ganbera desegin eta hauteskundeak berriro deituko lituzkete. 

 

Bideoak (1)