Itxi

Udalen osaketa

Cristina Ibarrola (UPN), Iruñeko alkate, UPN eta PPren botoekin

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

PSNren bost boto zuriak erabakigarriak izan dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Cristina Ibarrola Union del Pueblo Navarro (UPN) alderdiko hautagaia Iruñeko alkate izendatu dute, aurreko hauteskundeetan zerrendarik bozkatuena lortu ostean, nahiz eta larunbat honetan bozketan osoko bilkurako 27 eserlekuetatik 11 baino ez lortu (UPNren 9ak eta PPren 2ak).

Joseba Asiron (EH Bildu) zen proposatutako beste hautagaia, eta bere taldearen (8), Geroa Bairen (2) eta Contigo-Zurekinen (1) babesa jaso du. Beraz, aurrez akordiorik lortu ez zenez, PSNren 5 botoak erabakigarriak izan dira, zuriz bozkatu baitute.

Saioa amaitu aurretik, Ibarrolak lehen hitzaldia egin du alkate gisa, eta, bertan, kargu hori bere gain hartzeak dakarren "benetako ohorea" adierazteaz gain, "ardura handiz" lan egingo duela agindu du, "Iruñeko herritar guztien ordezkari ona izateko", bai botoa eman diotenena, bai eman ez diotenena.

Aurkezpen gutun gisa, abian jarriko dituen hiru kontzeptu aurreratu ditu: erantzukizuna, konexioa eta anbizioa.

"Beste edozein interes motaren gainetik pertsonen onuran pentsatzea ezinbestekoa da", esan du, guztiak "Iruñea hazteko" eta "aurrera egiteko" lan egitera animatu ondoren. Halaber, gaineratu duenez, "eragile guztiekin hitz egitean zentratutako Udala izango gara", eta "garrantzitsuagoak izateko asmoa izan behar dugu; inbertsioa, talentua eta turismoa erakarri behar ditugu".

"Uste dut Iruñerako ordua dela, gure garaia da, eta dagoeneko buru belarri ari gara lanean hiri honen alde.  Denak gonbidatzen zaituztet gure bidean laguntzera", amaitu du.

Asiron: "Bazterketan oinarrituta ezin da ezer eraiki"

Joseba Asiron EH Bilduko zinegotzi eta Iruñeko alkate ohiak PSNri egotzi dio Ibarrola alkate izendatu izana, eta deitoratu du "arku aurrerakoia, gehiengoa duena, oposizioan" dagoela Udalean.

Zinegotziak adierazi duenez, "Iruñeak eskuineko Udal Gobernua badu, horren ardura bakarra hirian boto gehien jaso dituen indar progresistari betoa ezartzen tematu denari dagokio".

"Bazterketan oinarrituta, betoak oinarri hartuta, ezin da ezer eraiki, eta are gutxiago aurrerakoia izan nahi duen ezer", esan du.

Bideoak (1)