Itxi

UDALEN OSAKETA

Castejongo Alkatetza UPNri eman dioten bi zinegotzi sozialistak alderditik botako dituztela iragarri du PSNk

EITB MEDIA

Demokrazian lehen aldiz, eskuineko alkate batek hartu du aginte-makila Castejonen. PSNko bi zinegotzik ahalbidetu zuten hori, kartu hartze ekitaldian euren botoa UPNko hautagaiari emanda.

Noelia Guerra (UPN) alkate makilarekin, atzo, Castejonen. Argazkia: UPN

Noelia Guerra Lafuente UPNko hautagaia izendatu zuten atzo Castejongo alkate, bere alderdiko lau ordezkarien botoak eta PSNk dituen bi zinegotzienak batuta. Hala, demokrazian lehen aldiz eskuinak aginduko du Castejonen. Hainbat legealditan aginte-makila sozialisten esku egon ondoren, 2015etik IUk gobernatu du Erriberako herri horretan. Atzoko bozketan,  IU Zurekin koalizioaren hautagaiak bost boto bildu zituen; bere laurak eta Somos Castejonen bat.

Hautsak harrotu ditu Castejonen gertatutakoak, eta, besteak beste,  PSNren zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi du "Aniceto Perez eta Gardenia Gregoria Coloma Castejongo zinegotzi sozialistak alderditik berehala kanporatzeko" izapideak abiatuko dituztela, gobernu aurrerakoiak bultzatzeko PSNk Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroa koalizioarekin adostutako  "jarraibideak urratu" dituztelako.

Bere aldetik, haserre mintzatu da oso IU alderdia ere, M28an Castejonen indarrik bozkatuena izan zena. "Lotsagarria" iritzi dio bere burua "sozialistatzat duen alderdi batek eskuinari alkatetza ematea". "Castejonen gertatutakoa kontraesan argia da PSOEk eta PSNk azken hilabeteetan esandakoarekin… Berehalako zuzenketa bat ez baldin badago, zaila izango da PSN alderdiarekin konfiantza berreskuratzea", gehitu du ezkerreko taldeak.

Udal hauteskundeen ondoren, atzo eratu ziren Hego Euskal Herriko udalak. Nafarroan, UPNk boterea mantendu udal garrantzitsuenetan, besteak beste, hiriburuan, Iruñean eta bigarren hirian.

 

 

Albisteak (1)